Iker Torre: "Urtero futbol taldez aldatzen nekatu egin ginen"

Karkara 2014ko ira. 5a, 12:32

Iker Torreren –Orio, 1982– ogibidea futbola da. Almansan jokalaria da eta bertan etxean bezala sentitzen den arren Orio faltan botatzen duela aitortu du

Iker Torre, Oriotik urrun dagoen oriotarra da. Futbolak Iberiar penintsulako herri ugari ezagutzera eraman du, hainbat ligatan lehiatzera eta gol asko sartzera. Almansa du orain bizitoki, hara eraman zion duela urte bete futbolak eta familiak.

Hara eta hona ibili zara, futbolak mila tokitara eraman zaitu...

Ez da bizimodu erraza, eta are gutxiago familia daukazun momentuan. Gero eta zailagoa egiten zaigu deitzen dizuen tokietara joatea. Gainera, lehen dirua irabazten zen futbolean baina orain egoera asko okertu da eta ez du merezi penintsularen beste alderaino joatea euro gutxi batzuk gehiago irabazteko.

Almansan egondakoa zara eta orain ere bertan zaude, bigarrengoz. Zer da bertara eraman zaituena?

Gustura egon nintzen aurrekoan, oso gustura. Urtero taldez aldatzen nekatu egin ginen, eta familian hartutako erabakia izan zen, familiarengatik. Etxera bueltatzea erabaki genuen.

Familia aipatu duzu. Zauden tokian zaudela beti alboan dituzu ezta?

Nirekin etortzen dira leku guztietara, eta eskerrak! Babes ikaragarria ematen didate, batez ere gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean. Soldatan arazoak daudenean, lesioak... Etxera iritsi eta beraiek bertan egotea asko eskertzen da, berotasun handia ematen didate.

Azkenaldian oso entzutetsuak dira maila horietako arazo ekonomikoak. Zuek ere jasan dituzue?

Gehien maila honetan gabiltzanok jasaten ditugu, dudarik gabe. Diru gutxi dago eta klubek arazo ugari dituzte. Jokalari asko eta asko daude hilabeteak igaro dituztenak kobratu gabe, eta hori oso gogorra da. Dena den, gure kasua ez da hori. Egunean daramatzate ordainketak, hortaz, nahiko pozik gaude.

Lesioak ere aipatu dituzu. Martxoan izan zenuen azkena, errekuperatu zara?

Asko kostata, baina bai. Lesio txarra izan zen, baina ahaztuta dauka jada. Aurre-denboraldi ona egin nuen eta ematen duenez guztiz sendatu da, beraz, ahaztuta.

Taldeak, ordea, denboraldia ez du nahi bezain ongi hasi.

Taldearen emaitzak ez dira onak, bi partida jokatu ditugu eta biak galdu ditugu. Jende berri asko dago, baita entrenatzailea ere eta denbora behar dugu. Talde oso polita daukagu eta emaitza onak azkar etorriko dira. Horretan gabiltza lanean.

Eta pertsonalki, nola hasi duzu denboraldia?

Sensazio ezin hobeak dauzkat. Gustura nago hemen, neskaren herrian. Hautu hau hartu nuen aurreko denboraldian eta ez naiz damutzen, ez daukat aldatzeko asmorik, nahiz eta Orio faltan botatzen dudan.

Herrimina sentitzen duzu, hortaz.

Dudarik gabe. Herri berezia da oso, asko maite dudan herria, nire herria. Noizean behin joaten naiz hara, baina ez naiz asetzen. Hondartza, mendia, jendea... niretzat Orio dana da.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide