Emakumezkoen padel finalak jokatuko dira gaur

Karkara 2014ko uzt. 20a, 10:12

Egualdiak laguntzen badu Orioko padel txapelketako emakumezkoen finalak jokatuko dira gaur, 11:00etan

Urriaren 7an hasi zen Orioko padel txapelketa. 46 bikoterekin ekin zuen txapelketak: 29 gizonezkoak, 13 emakumezkoak eta 4 mixto. Ranking erako txapelketa izan da: irabazi ezkero postuak igotzen zenituen, galdu ezkero jaitsi. 

Pixkanaka-pixkanaka finala jokatzeko hautagaiak zein ziren ikusi zen; bikote batzuk rankingean gora egiten zuten, gelditu gabe, aurrera. Guztiek izan dute lehiatzeko aukera, padelaz gozatzeko eskubidea. Partida biziak eta emozio handikoak jokatu dira. Ezusteko ugari ekarri dituzte partiduek, bai emaitzetan, bai bikoteetan. Ezagutzen ez genituen bikoteak ezagutzera eraman ditu, egun txapelketa eskuratzeko aukerak dituztenak. 

Sorpresetako bat Uranga eta Illarramendi bikotea izan da. Final zortzirenetako, final laurdenetako eta finalaurrekoak irabazi dituzte. Finala jokatzera iritsi dira, pausoz pauso lana ondo egin ondoren.

Manterolak eta Larrañagak aurretiko hiru partidak irabazi zituzten. Final zortzirenetan Domingo eta Alonsoren aurka lehiatu ziren. Partida luzea izan zen, eta, azkenean, garaipena Domingo eta Alonso bikoteak eraman zuen. Finalerdietan Brazo eta Ercillaren aurka jokatu zuten, faboritoen aurka, baina garaipena beraiek eskuratu zuten eta finalerako sailkatu ziren.

Goizeko 11etan, eguraldiak laguntzen badu, Uranga eta Illarramendi bikotea Domingo eta Alonso bikotearen aurka arituko da. Lehenago, txapelketan zehar, elkarren aurka jokatu zuten 7. jardunaldian. Partidu estua izan zen; emaitzek argi erakusten dute hori, 6-7 eta 5-7 Domingo eta Alonsoren alde. Baina finalak beti izaten dira bereziak, desberdinak. Berriz ere elkarren aurka jokatuko dute, gaur, goizeko 11:00etan. 



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide