Herri arraunlari eta arraunzalea da Orio. Kirol honek asko gozarazi die oriotarrei eta oriotarrek asko gozatu du arraunarekin. Urtean zehar Oriaren Jaitsiera egin da; baita batel, trainerillen eta mugikorren ligaxka. Estropada ugariren lekuko da Oria ibaia, eta asteburu honetan ere palada ugari emango dira errioan. Hiru estropada, hiru bandera izango dira jokoan.
Larunbatean KAE 1eko estropada izango da, 12:00etan, eta Bisiguaren Bandera egongo da jokoan. Igandean bi bandera egongo dira jokoan, Orioko Kanpina izenekoak. Euskotren Ligako estropada 11:30etan hasiko da eta TKEkoa eguerdiko 12:00etan. Orioko kanpina ikur bat izan da legealdi honetan, apostuetako bat, eta arrauna ere ikur da Oriorentzat. Bandera honek biak lotzen ditu, aitortu du Beñat Solaberrieta alkateak.
Orioko Kanpina banderak Urbaser enpresak finantziatzen ditu. Bisiguaren Bandera, Oriomar enpresak. Biei eskerrak eman nahi dizkie bai Beñat Solaberrieta alkateak, bai Ibon Huegun Orio Arraun Elkarteko presidenteak.
Orioko Kanpina bandera astintzera joango dira oriotarrak, San Miguel ligako lehen postua mantentzera. Mutilak txukun hasi dute urtea, eta denboraldia luzean den arren, ilusioz beterikoa izango dela dirudi, aitortu du alkateak. Neskak, ordea, ezingo dute igandeko estropadan parte hartu. Neskak buru makur daude orain, baina nesken kirolarengatik apostua egin behar da. Arraun Elkarteak egin du eta horretan jarritzea eskatzen diegu, mutilak ospatzen dituzten bezain beste bandera lortuko baitituzte, gaineratu du Solaberrietak.
Denboralearengatik, estropadak itsasotik erriora
Estropadak errioan izango dira, eta erlojuaren aurka jokatuko dituzte. Gure eremu naturala itsasoa da, baina negu honetan itsasoa zatar portatu da Euskal Herriko kostarekin, azaldu du Huegunek eta Solaberrietak gaineratu du oraindik obrak hasi gabe daude. Eusko Jaurlaritzak esan digunez irailean hasiko dira, bitartean, ibaira eraman behar izan ditugu estropadak.
Udala pozik dago estropadak ibaian egingo direlako, herrian bertan kokatuko direlako. Gertutik bizi ahal izango ditugu estropadak, azaldu du alkateak. Arraun Elkarteko presidenteak gogora ekarri du errioan egin ziren azken estropada. 2007an egin ziren azkenekoz, arrazoi berdinarengatik. Ibaiak ez du itsasoak ematen duen espektakulua ematen, baina herrian zegoan arraun giroa espektakularra izan zen. Alkateak gaineratu du aurtengoa baloratu egin beharko dela etorkizunera begira.
Bisigu usaina duen estropada
Ostegunetik igandera Bisiguaren Festa izango da Orion. Festak bete betean harrapatuko dituzte estropadek. Orioko bi sinbolo elkartzen dira asteburu honetan: Bisigua eta arrauna, dio Huegunek. Alkateak Bisiguaren Festaren baitan kale animoazioa, lehiaketak, dastaketak... denetik egongo dela esan du eta parte hartzeko aukera zabala dagoela. Horretara animatu ditu guztiak.