Oroitzapenean geratzea nahi duten lana

Karkara 2014ko abu. 13a, 10:58

Urtebete darama Oroitzapenen sareetan muralak soto zaharreko paretean, lehengo urteko abuztuan egin baitzuten

Efemerideen zerrendara gehitu behar da Garikoitz Murua eta Xabi Anunzibai Oriora etorri ziren eguna. Urtebete igaro da jada arrantzaleen soto zaharreko pareta mural oroigarri bat egiteko erabili zutela. Aranzadik, Auzolantegi programarekin, eraberritze plana jarri zuen martxan, eta "margolariek" elkarlanean aritzeko aukera izan zuten. Urte bete beranduago, Muruarekin elkartu eta gaiaz mintzatu gara.

Buruan dagoen ideia paretan margotu bitarteko bidea luzea da, ezta?
Elkarrekin lan egiteko parada gutxitan izan dugu, eta aukera egokia iruditu zitzaigun. Bakoitzaren ideiak paperera pasa genituen; buruan genuena zirriborro bitartez landu genuen. Muralarekin hasi aurretik bion arteko lotura eta oreka bilatu genuen, dialogoa bateratuz eta ideia bateratu koherente bat sortuz.

Eta buruan zenuten ideia balearekin lotua al zegoen?

Balearekin lotutako lan bat egin nahi genuen, bai. Bozetoak aurkeztu eta aldaketa batzuk egin ondoren, baleaz gain itsasontzia, sarea eta itsasoa bilakatu ziren lanaren ardatz nagusiak. Halaber, balearen ideiak indarra izatea nahi genuenez, itsasontzia eta balearen irudiak bateratu genituen.

Bakoitzaren teknikak bateratzeaz gain material ezberdinak ere uztartu zenituzten.

Izenari men eginez, Oroitzapenen sareetan, sarea elementu garrantzitsu bilakatu zen muralean. Eraikinak eskaintzen zituen errekurtsuak erabili genituen material hori sartzeko. Bestalde, itsasontziaren iritsiera irudikatu genuen, itsaso zabaletik bueltan etorritakoei oroimen eginez.

  

Eta kolore ezberdinak ere bai, ezta?

Esanahi bat izan zezaten aukeratu genituen koloreak. Urdina, itsasoa eta zerua; grisa, denbora eta desgastea; zuria, balea eta garai bateko arrantza, iragana adierazteko; gorri-urdina, Orioko itsasontzia eta balea. Hala ere, teknika nagusia pintura izan arren, sarea gehitu genion eraikinarekin lotura izateko eta elementu fisiko zein pareta margotuaren arteko jokoa egiteko.

Formek ere presentzia handia dute muralean.

Itsasoa, zerua, arraiak eta uhinak arrantzaleen egunerokotasunaren protagonista dira, eta forma borobilek, zikloa ixten dute. Hori bai, interpretazio ezberdinetara irekita dago gure lana. Adibidez, herritarren galderek elementu berri batzuen erabilera ahalbidetu zuten: itsasontzien izenak, arrain motak, arraunen formak eta kokapena, esaterako. Garai bateko elementuek eta gaur egungo planteamenduek bat egiten dute muralean, gure istorio propioa sortuz baina interpretazioetara irekita.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide