Unai Etxeberria: "Oriorekin Orion lehiatzea ezin da diruarekin ordaindu"

Karkara 2014ko uzt. 16a, 16:51

Arraunari lotuta hazi eta hezi da oriotarra. Txikia zela, elastiko horia jantzi eta arraunlariak animatzera joaten zen. Orain, bera da kolore horia defendatzen duena, Orio arraun taldeko arraunlaria baita Unai Etxeberria.

Uretan ia lehorrean baina ordu gehiago eman ditu Unai Etxeberriak. Zortzi urte zituela sartu zen lehendabizikoz traineru batean, eta ordutik Orioko Arraun Elkarteko kide da bera, Getarian eman zuen urtea salbu. Duela lau urte TKE ligara egin zuen salto eta ordutik 9 bandera lortu ditu. Garaipen gosez dago oriotarra, bandera gehiago astintzeko gogoz.

Jar gaitezen pasa den asteburuari begira. Larunbateko estropada Pedreñan izan zen, eta hirugarren egin zenuten. Emaitzarekin konforme?

Beti irabaztera joaten gara. Nik Pedreñako estropada eremua ez dut ulertzen, mareak eta korrienteek eragin handia dute. Gure ondorioak atera ditugu, baina tira, ezin bada irabazi bigarren egin behar da, eta bigarren ez badutu egiten hirugarren. Hori bai, beti garaipenaren bila goaz.

Igandean Donostian egin zenuten arraun. Kaleak eta itsasoaren egoera erabakiorrak izan ziren?

Baliteke baldintzatzea, baina guk ez diogu horri garrantzia gehiegi ematen. Badakigu zertara goazen eta nola gabiltzan lanean. Egiten ari garen lanarekin gustura gaude, eta hemendik aurrera hobetzen joan behar dugu. Beti hobetzen.

Asteburu hau eta gero, bi puntuko aldea duzue Hondarribiarekin. Oraindik lidertza zuena da.

Sinatuko genuke denboraldi hasieran garai honetan lider izatea. Bi puntuko aldea daukagu, oraindik aurretik gaude. Oraindik ez da mundua bukatu eta gu irabaztera goaz.

Larunbat honetan Pasai San Pedron duzue estropada. Lider mantentzea da zuen helburua?

Dudarik gabe. Estropadaz estropada joaten gara, estropadaro garaipena dugula helburu. Borrokatzeko prest egongo gara beti, bandera astintzeko gogoz.

Etxean jokatuko duzue igandeko estropada. Itsaso zabalean izan ordez, errioan. Zer nahiago?

Errioak bere xarma dauka. Jendea animatzen egongo da, zubi gainean. Jendez lepo egongo da eta hori guretzat motibazio iturri da.

Oriotarra izanik, Oriorekin Orion lehiatzea. Berezia izango da, ezta?

Hori ezin da diruarekin ordaindu. Berezia da oso.

Orioren estropadetan herritar ia guztiek dute kamiseta horia soinean jantzita. Zuretzat, zer da Orioren elastikoa jartzea?

Txiki-txikia nintzenetik jarraitu dut arrauna, animatu dut Orio. Betidanik. Orain jendea Orioko kamisetarekin ikusten dut, Orio animatzen, eta ni kolore horiek defendatzen egoten naiz uretan. Hori, ikaragarria da.

Gogoratzen duzu noiz jantzi zenuen lehendabizikoz? Zure lehen estropada?

Zortzi edo bederatzi urte nituenean hasi nintzen arraunean. Urte asko pasa dira ordutik...

Ordutik 12 urte pasa dira, harrobian hasi zinetik. Lehen taldera iristea eta ACTn jokatzea zenituen hasiera garaietan amets?

Garai horiek ondo gogoratzen ditut. Lehen aldiz TKE ligan 2008an jokatu nuen, Joxean Aizperrorekin. Berak eman zidan aukera eta oso momentu berezia izan zen. Arraunean hasi nintzenetik nire helburua hori zen, lehen mailako taldera salto egitea. Geroz eta lehenago, hobe; baina bakoitzak bere denbora behar du...

Orain, zein da zure ametsa?

Oriotar guztien berdina, iraileko bandera. Halaber, estropadaz estropada joan behar dugu. Denboraldi polita egiten ari gara eta hemendik aurrera ere gauzak ondo aterako zaizkigulakoan nago.

Eta betetzeko itxaropenarekin zaude?

Itxaropena sekula ez da galtzen. Estropada horretan edozer gerta daiteke, eta aurretik lanak ondo eginda joango gara.


 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide