San Miguel Ligako lehen postua mantenduz

Karkara 2014ko uzt. 14a, 12:34

Asteburu honetan emaitzak lagundu ez arren, San Miguel Ligan lider mantentzea lortu du Orio Babyautok

San Miguel Ligaren laugarren jardunaldia jokatu da  Pedreñako uretan eta Hondarribia Orsa izan da guztietan bizkorrena, 19:43.90 denborarekin. Bigarren postua Urdaibai Aviarentzat izan da, denbora 19:53.80n geldituz eta Oriok baina segundu bat gutxiagoko denbora eginez.

Hirugarren postua eskuratu arren, oriotarrek lidertzan jarraitzea lortu zuten. Igandean ere ez zuten bandera etxera ekartzea lortu, baina bai lidertzari eustea.

Itsasoa bezain estropada aldrebesa

Donostiako badian jokatu den San Miguel Ligako estropadako bandera Kaiku Ambilamp taldearentzat izan da. Dezima bateko aldearekin, Hondarribiak bigarren postuarekin konformatu behar izan du, nahiz eta ohorezko txandan garaile izan. Orio bostgarren postuan geratu da Kaiku, Hondarribia, Portugalete eta Urdaibaien atzetik.

Lehenbiziko txandan, ez-ohiko traineru bat izan da arraunean, Kaiku. Helmugako balizak 19:49.14ko denborarekin igaro du, gerora Eusko Label III Bandera etxera eramateko balio izan diena. Bigarren txandan berdintasuna izan da ezaugarri nagusia, eta bertan Tiran Pereira eta San Pedro Ecolmare izan dira txandaren lehen postuetan ibili direnak. Azken luzean galiziarrek euren onena eman dute eta San Pedroren aurretik helmugaratu dira.

Ohorezko txandan Ama Guadaliupekoak izan dira garaile. Hasieran Oriorekin lehia bizia izan arren, estropadak aurrera egin ahala aurrea hartu dio eta bien arteko aldea handituz joan da. Orduan, Urdaibai Orioren trainerura hurbildu da eta azken luzean ikaragarrizko lehia izan dute. Azkenean bizkaitarren alde joan da lehia eta Orio laugarren helmugaratu da.

Lidertzan San Miguel Ligan

Asteburu honetan emaitzak lagundu ez arren, San Miguel Ligan lider jarraitzea lortu dute Oriotarrek. 53 punturekin lehen postuan dago Orio Babyauto taldea, baina atzetik, puntu gutxira, daude Hondarribitarrak. 51 punturekin bigarren dira sailkapen nagusian eta Kaiku hirugarren 44 punturekin.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide