OBB taldeko 9 jokalari Euskadiko selekzioarekin Kanadan

Karkara 2014ko uzt. 14a, 14:07

Euskal Sofbol Selekzioari nazioartean jokatzeko aukera eskaini die, eta hauek ez dute aukera alferrik galdu. Bihartik aurrera Canadian Open Fastpich nazioarteko txapelketa jokatuko dute

Igandean abiatu ziren, Orio atzean utzita eta Kanada zutela destino. Jada lurreratu dira Kanadan eta bihartik aurrera Canadian Open Fastpitch nazioarteko sofbol txapelketa jokatuko du Euskadiko selekzioak. 15ean hasi eta 21ean amaituko da Surrey hirian jokatuko den lehiaketa, eta, guztira, 90 talde arituko dira lehian.

Euskal Selekzioak Women's International kategorian hartuko du parte beste zortzi talderekin batera: AEB, Kanada, Mexiko eta Japonia bezalako selekzio indartsuak, zeinak abuztuan Munduko Txapelketa jokatuko duten.

Euskal Selekzioko jokalarien artean Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalariak daude, 9 hain juxtu: Ane Barandiaran, Olatz Zubia, Ainara Larraxa, Idoia Benito, Sara Etxeberria, Ana Cuesta, Igone Etxeberria, Uxue Zoroza eta Lorena Morras. Bederatzi jokalari eta entrenatzailea, Patxi Arnal.

Iaz Euskadiko Sofbol Federazioko lehendakaritzan aldaketak izan ziren eta lehendakari berriak nazioartean jokatzeko aukera eskaini digu azaldu du Ane Barandiaran OBB taldeko kideak. Aukera eman eta hauek aprobetxatu. Gogotsu daude puntako selekzioen aurka jokatzeko, eta euren ibilbidean urrats bat gehiago emateko: Txapelketa garrantzitsua da, mundu mailako talde onenek jokatuko baitute bertan eta euskal selekzioarentzat aurrera pausu handia da bertan parte hartzea. Lehen partida Kanadako selekzioaren aurka izango dute, bihar, asteartean.

Orioko Bate Bizkorren zelaian entrenatu du urtean zehar Euskadiko sofbol selekzioak. Urtean zehar entrenatuz gure arteko komunikazioa hobetu dugu eta elkar hobeto ulertzen gara, aitortu du Barandiaranek. Lan asko egin dute eta talde egonkorra osatzea lortu dute. Indartsu eta gogotsu daude Kanadako txapelketan lehiatzen hasteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide