Bisiguaren Festa

Orioko plaza jatetxe dotorea bihurtuko da Bisiguaren Festan

Karkara 2014ko uzt. 3a, 12:46

Hiru helburu ditu uztailaren 17tik 20ra egingo den festak: herriko arrantzaleak omentzea, beren lana aitortzea eta eta gure herriaren ondarea den kultur tradizioa belaunalditik belaunaldira transmititzea

500 bisigu erreta, 1000 txarteleko salmenta eta 50 euroko prezioa. Horrela laburtu genezake Bisiguaren Festa zenbakitan. Baina zazpigarrrenez egingo den Bisiguaren Festa hori baina gehiago da. Herriko arrantzaleak omentzea, beren lana aitortzea eta eta gure herriaren ondarea den kultur tradizioa belaunalditik belaunaldira transmititzea baitu helburu uztailaren 17tik 20ra izango den jaialdi gastronomikoak.


Donostiako Ontzi museoan egin dute jaiaren prentsaurrekoa eta Jon Agirresarobek hartu du hitza. Falta direnetatik hasi da zinegotzia. San Nikolas arrantzale kofradiakoak ekarri ditu gogora, eskerrak eman dizkie eta zorte ona opa hegaluze kanpainan. Joxe Miel Zendoiaren –Katxina jatetxea–, Luis Mari Urangaren –Xixario jatetxea– eta Mikel Manterolaren –Joxe Mari erretegia– lana ere eskertu du Agirresarobek, baita Jaurlaritzako Koldo Goitiaren babesa eta arraun elkarteko Ibon Huegunen laguntza ere.

Lau egun hartuko ditu festak, eta noski, bisigua dastatzeko aukera izango da. Baina otorduen osagarri egitarau oparoa antolatu dute Bixiguaren festaren baitan. Batetik, dastaketak. Tabernak pintxo zirkuitua osatu dute, bakoitzak pintxo berezi bat eskainiz. Ondorengo pintxoa prestatuko du ostalari bakoitzak:

Antilla:brotxeta-olagarroa, langostinoa eta txipiroia binagretan
Arkaitz:mariskoz betetako piperrak
Aterpe: txipiroiak plantxan Aterpe erara
Aurrera: antxoa errebozatua piperrekin
Baraka: legatza errebozatua piperradarekin
Bordatxo: olagarroa Bordatxo erara
Gabon: bakailau kroketa
Goizeko taberna: hegalgorria
Gure Txokoa: antxoa Gure Txoko erara
Koasta: marisko salpikoia
Kolon-Txiki: hegaluzea plantxan tipula eta piperrekin edo tomatearekin
Loretxu: atun kroketa
Salatxo: atuna pistoarekin
Sarasua: atuna piperrarekin
Xaloa: txipiroiak
Zaharren Babeslekua: bakailau tortila
Kaiua: piperra, izokina, antxoa eta tipula
Boga-Boga: txipiroiak
Anarri: porru eta ganbaz beteriko bolobana
Galerna: zapoa saltsa berdean beteriko almeja
Sukia: olagarroa binagretan

Bestetik marmitakoa eta hegaluzeak dastatzeko aukera ere egongo da. Marmitakoa larunbatean banatuko da, eguerdiko 12:00etan eta hegaluzea igandean, goizeko 11:00etan. Bi egunetan 2.500 razio inguru banatuko dira.

Bisigu lehiaketa ere antolatu dute elkarte gastronomikoen artean. Profesionalak ez ezik afizionatuek ere izango dite bisigua prestatzeko aukera. Oraingoan, dastatuko dutenak Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola izango dira, berak izango baitira epaile.

Estropadak ere izango dira. Itsaso zabalean izan ordez, errioan, plazatik eta herriaren erdigunetik gertu. Igandean San Migel Ligakoa jokatuko da, baita Euskotren ligakoa ere; eta larunbatean, berriz, ARC 1ekoa.

Zenbat arrain ezagutzen dituzu? lehiaketa martxan jarriko da bigarrenez. Kultur ondarea transmititzeko dagoen beharra dela eta sortu zen ekimen hau. Gazteak galtzen ari diren itsas-ondare hori berreskuratze aldera sortu zen ideia berriz ere egingo da.

Txartelak salgai 50 euroren truke

Bisiguaren festak irauten duten lau egun horietan zehar bost otordu egingo dira Orioko plazan. Ostegunean eta ostiralean afaria, larunbatean bazkaria eta afaria; eta igandean, bazkaria. Erreserbak 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte, astelehenetik larunbatera.

Menua ondorengo bost platerek osatzen dute eta menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira:

  • Antxoak gatzetan
  • Tomate entsalada hegaluzearekin
  • Zainzuriak
  • Bisigua parrillan
  • Postrea

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide