Patxi Etxeberria omendu zuten Eskolarteko finalean

Karkara 2014ko eka. 24a, 13:17

Bertsolari gazteez gain Patxi Etxeberria eta Maialen Lujanbio ere aritu ziren bertsotan. Patxi Etxeberria omendua izan zen. Bertso giro ederrean, egun osoko festa izan da Orion

Plazan dabilen bertsolaririk zaharrena da Patxi Etxeberria. Lanbatean ere bertsotan aritu zen Ikastolako pergolan, bazkalostean. Maialen Lujanbio izan zuen bertso-lagun, eta librean aritu ziren biak. Berek eman zioten festari hasiera, 15:00etatik 18:00etara festa giroa izan baitzen nagusi. Etxeberriak botatako bertsoa, hemen.

Bertsoak bota eta gero Errikotxia bertso eskolak Etxeberria omendu zuen. Egoitz Eizagirrek egindako lau bertso eder kantatu zizkioten, berak, bihotzez eskertu zituenak.

                                   

Gazteak maisu bat batekotasunean

Larunbatean jokatu zen Orioko Karela kiroldegian XXVI. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Goizeko 11:00etan hasi da, Karela kiroldegia ikuslez beteta zegoela, 15-18 urte artekoen finalarekin. Beñat Gaztelumendi aurkezle lanetan eta 11 bertsolari kantuan. Bertsolariak, hurrengoak:

  • Araba
    Peru Abarrategi Sarrionandia (1997, Aramaio)
    Maddalen Arrausi Fernandez de Retana (1997, Gasteiz)
  • Bizkaia
    Asier Galarza Garai (1996, Muxika)
    Aitor Bizkarra Ruiz (1996, Abadiño)
  • Gipuzkoa
    Maider Arregi Markuleta (1996, Oñati)
    Iñigo Ibañez Aramendi(1997, Azpeitia)
  • Lapurdi
    Aitor Servier Etxexuri (1997, Azkaine)
    Nahia Sasco Etxeberri (1998, Lekuine)
  • Nafarroa
    Mikel Lasarte Cia (1996, Barañain)
    Maddalen Lopez Tapia (1997, Lesaka)
  • Zuberoa
    Ibai Capot Tornari (1997, Zalgize)

Hasierako agurrarekin hasi ziren; ondoren, binaka aritu ziren zortziko handian bina bertso botatzen eta zortziko txikian beste bina botatzen. Binaka aritu ostean banaka aritu ziren, eta gero, binaka edo hirunaka. Saioa amaitzeko bukaerako agurra kantatu zuten.

Bertsoaldi osoak eta biziak eskaini zituzten bertsolariek. Fin aritu ziren Euskal Herriko bertsolari gazteak. Azkenean, Maider Arregi  oñatiarrak jantzi zuen txapela, Maialen Lujanbiok jantzi ziona. Bigarren postuan Aitor Servier geratu zen.

                                     

Saria parte hartzaile guztiek izan zuten, hamaika finalistek. Aurtengo Gabonetako oporretan lehenengo aldiz egingo den Bertso Negulekuetako egonaldia izan zen saria. Euskal Herri mailako negulekuak izango dira, 15-18 urteko gazteei zuzenduta. Bertan parte hartzeko aukera bertso-eskoletako gazte guztiek edukiko dute.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide