Patroi hoberena sarituko da San Miguel Ligan

Karkara 2014ko eka. 20a, 09:00

San Miguel Ligan patroiaren lana baloratuko da eta denboraldi amaieran hoberenak saria jasoko du

La Caixa Koroa lortzea dute helburu denboraldi honetan San Miguel Ligako tripulazioek. Estropada bakoitzeko talde hoberena sarituko da, bai; baina baita patroi hoberena ere. Denboraldiko estropadetan zehar ontziaren gidariek egindako lana baloratuko da hiru, bi eta puntu batekin. Hiru puntuak lan txukunena egin duenarentzat izango dira. Bigarrenari bi puntu emango zaizkio eta bat hirugarrenari. Sailkapen honetako lehen sailkatua izango da La Caixa maillota jantziko duena eta denboraldi amaieran garaikurra eta diru-saria jasoko dituena.

Irizpide objektibo batzuekin baloratuko da. Balorazio hori Batzorde Teknikoak egingo du eta patroien trebezia, gauzatze eta bakoitzaren trainerua bide onetik eramateko abilezia izango diran kontuan hartuko dutena. Sailkapenerako GPSak emandako datu objektiboak erabiliko dituzte, izan ere, datu horiekin traineruek egindako metro kopurua, ziaboa emateko behar duen denbora eta patroiak egiten duen lana zein izan diren jakingo da.

Aurreko denboraldietan talde bereko patroien puntuak batu egiten ziren sailkapen nagusirako. Aurten, aldiz, patroi bakoitza indibidualki hartuko da kontuan; taldeak ez du garrantzirik izango.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide