26. edizioa du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak, eta aurten finala Orion egingo da. Ekainaren 21ean da hitzordua, 11:00tan Karela Kiroldegian.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute, urtero, eskolarteko txapelketa. Aurtengoan, Euskal Herri guztiko 15-18 urte bitarteko 132 bertsolarik eta 37 bertso-eskolak parte hartu dute; guzti horietatik, 11 gazte izango dira finalean, herrialde bakoitzeko txapelduna eta txapeldunordea:
- Arabatik, Peru Abarrategi –Aramaio– eta Maddalen Arrausi –Gasteiz–.
- Bizkaitik, Asier Galarza –Muxika– eta Aitor Bizkarra –Abadiño–.
- Gipuzkoatik, Maider Arregi –Oñati– eta Iñigo Ibañez –Azpeitia–.
- Lapurditik, Aitor Servier –Azkaine– eta Nahia Sasco –Lekuine–.
- Nafarroatik, Mikel Lasarte –Barañain– eta Maddalen Lopez–Lesaka–.
- Zuberoatik, Ibai Capot –Zalgize–.
Gai-jartzaile taldean ere, bertso eskoletako gazteek parte hartu dute, Gipuzkoakoek hain zuzen, Inaxio Ustarralde eta Egoitz Aizpururen gidaritzapean. Maddi Alberdi, Maier Fernandez, Nahia Fernandez, Amaia Palazuelos, Aizpea Garmendia, Peru Gabirond eta Iñaki Rezusta izan dira gai-jartzaileak.
Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko presidentearen esanetan, gazteak bertsolari figurara soilik mugatu gabe, nahi duten rolean parte har dezaten aukera ematea da horren helburua. Bertsotan dabilenak badaki ekosistema osoko parte izan behar duela, batzuetan kantari, bestetan gaijartzaile, aurkezle...
Saioaren aurkezlea Beñat Gaztelumendi izango da, eta epaile taldea, herrialde bakoitzeko banak osatuko dute.
Egun osoko egitaraua
Txapelketako finalaz gain, beste hainbat ekitaldi ere egongo dira Orion, egun osoan zehar:
- 11:00 Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, Karelan.
- 14:00 Bazkaria, plazan.
- Ondoren: Maialen Lujanbio eta Patxi Etxeberriaren saio librea eta herrialde ezberdinetako bertso eskolek prestatutako emanaldiak.
- 16:00 Obaneuke taldearen erromeria.
Gaztetxoenak lehiaketa gabeko saioetan
Aurtengo txapelketako berrikuntza nagusia, lehiaketan parte hartu duten bertsolari gazteen adina da. Izan ere, 15 urtetik beherakek ez dute txaplketan lehiatu. Lehiaketa gabeko saioetan kantatzeko aukera izan dute txikienek, bertso merenduak eta saio didaktikoak, besteak beste.
Lehia eta jolasa kontrajartzen dituen kezka bat egon da beti hezkuntzan, eta horren inguruko gogoeta egin dute adin muga hori ezartzean. Dena ez da lehia eta ez genuke nahi horrela izaterik –dio Muruak–, guk nahi duguna jendeak bertsoarekin eta euskararekin gozatzea da, aisialdi bezala hartzea. Bertsoa beste modu batera bizitzea egoki dela ustez, bide hori egitea erabaki da.
Orioko Udala, finalean babesle
Bigarren aldiz ekitaldia orion. Euskal Herri osoko bertsolari gazteak orion, ekitaldi garrantzitsua Udalarentzat. aBeratsa eta ederra, herri bezala indartzen gaituelako eta proiektuan sinesten dugulako. Elkarlan maila azpimarratu nahi det, euskalgintzako bi entitateen elkarlana Orion gauzatzea garrantzitsua da. Euskararen alde.
Udalaren papera: herri mugimendu proiektuetan dago gakoa eta hori egitera goaz, bertsolaritza laguntzen dugu, bertso eskolatik eta herriko bi ikastetxeetatik. Larunbatean, azpiegituran jarriko dugu indarra.
Informazio gehiago www.bertsozale.com eta www.ikastola.net webguneetan aurki daiteke, eta egunean bertan, bat-bateko finala www.bertsoa.com webgunean ikusgai egongo da.