Datorren asteazkeneko, irailaren 26ko, greba orokorreko deialdiarekin bat egin du Orioko LABek, gaur bertan jakinarazi duenez. Lan- eta gizarte-eskubideengatik, murrizketarik ez lelopean, herriko edota inguruetako mobilizazioetara agertzeko gonbita egin die herritarrei. Oriori dagokionean, greba-egunean bertan, arratsaldeko seietan izango da elkarretaratzea, herriko plazan. Agertzen den jendearen arabera erabakiko da, unean bertan, manifestazioa egin ala ez.
Donostian, berriz, eguerdian, 12:00etan, manifestazioa izango da. Aurretik, bihar bertan, irailaren 22an, manifestazioa egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu guztietan: 17:30ean abiatuko da martxa bulebarretik, Donostian.