Euskal Herriko kultura sortzaileen topagune garrantzitsua izaten da Durangoko Liburu eta Disko Azoka. Dagoeneko martxan jarri dira, eta, lehen agerraldi esanguratsuan, Nestor Basterretxea artista bermeotarra eta Aiert Goenaga, Durangoko Azokako zuzendaria, 2012ko kartela aurkeztu zuten, atzo, urriaren 2a.
Basterretxeak azaldu zuenez, telebista pantaila matxuratzen denean agertzen den kolore aberastasun ikaragarria da karteleko irudiaren oinarria. Azken aldian irudi horietan oinarrituta egiten ditu collage lanak. Kartel moderno bat teknika berri bategaz egiteko aukera bezala ikusi zuela Gerediagaren proposamena esan zuen Basterretxeak.
Bihotzez, azoka antolatzeko egiten duzuen lana eskertzea baino ez dagokit, azpimarratu du Nestor Basterretxeak. Jorge Oteiza oriotarra ere izan da Basterretxearen ahotan, eta euskal nortasunari buruz hitz egin du. 88 urte dauzkat, eta zalantzarik barik, heriotzan pentsatzen dut. Borrokatzen jarraituko duzuela jakinda noa beste mundura, eskerrik asko, esanaz bukatu zuen prentsa agerraldia Basterretxeak.
Aurten azken urteetako kartel lehiaketa egitea utzi eta artista batek egindakoaren aldeko apustua egin du Gerediaga Elkarteak azaldu zuen Aiert Goenaga zuzendariak. Iaz baino egun bat gutxiago iraungo du Durangoko azokak eta abenduaren 6tik 9ra egingo da. Krisiaren eraginak Durangoko Azoka ere harrapatu du Aiert Goenagaren esanetan: Krisi ekonomikoak guri ere eragin digu, eta ezin dugu bost eguneko azoka baten aldeko apustua egin kalitatean galduko genuelako. Kalitatean galdu aurretik hobe da egun gutxiago egin, bukatu du Goenagak.
Aurtengo azokan ere oriotarrek izango dute beren tokia, eta, besteak beste, Gozategi taldearen azken diskoa labetik irten berritan izango da Durangon.