Karkara eta Berriaren aldeko binakako lasterketa mistoa izango da maiatzean

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko api. 24a, 09:33

Maiatzaren 18an izango da proba:16:30ean hasita haurrena; 17:00etan, helduena

Binakako lasterketa mistoa antolatu dugu Karkarak eta Berriak estreinakoz maiatzerako. Euskal komunikabideen krisi ekonomiko, sozial eta emozionalari erantzun nahian, festa eta aldarrikapen kutsuz, Berria egunkariaren eta Karkara aldizkariaren alde korrika aritzera animatu nahi ditugu oriotarrak, aiarrak eta inguruko herritarrak. Maiatzaren 18a, larunbata, izango da horretarako eguna.

Lasterketa berezia izango da inondik inora ere. Lehenik eta behin, helduek nahiz haurrek –ibilbidearen zati txiki bat egin behar duten umeak kenduta– binaka, neska-mutil, egin beharko dute korrika, hasi eta buka.

Horrez gain, ibilbideari erreparatuz gero, indarra hartuz joan diren Orioko Herri Lasterketatik eta San Silbestretik zertxobait urruntzen da. Ibilbide motza eta luzea izango dira , 16:30ean eta 17:00etan hasita, hurrenez hurren. Biak ere Karkara atzeko plazan hasi eta Herriko Plazan bukatuko dira. 2,5 kilometroren bueltan ditu haurrei zuzendutako ibilbide motzak eta Eusko Gudaritik eta Bikamiotatik pasata, autopista azpian hartuko dute buelta, errio alboko paseotik plazara joateko.

Ibilbide luzeak, berriz, 4,5 kilometro ditu. Hondartzaraino joan beharko dute korrikalariek, Bikamiotatik eta Abaromenditik pasata. Hondartzako biribilgunean ezkerretara hartuko dute ahateen eremuaren alboko egurrezko pasabide zabalenetik igaro eta Kirol portu gainetik, errio alboko paseora abiatuz. Ikastola aurretik Abeslarira; eta handik Eusko Gudarira berriz. Frontoiko aldapa –Iturbidekoa– hartuko dute ondoren gorantza, Danbolin musika eskola aurretik Pillikura iritsiz. Kale Nagusitik behera, Herriko Plazan bukatuko dute lasterketa, aldapa behera.

Badu lasterketak beste berezitasun bat ere: izena ematean jasoko diren dortsalak paperezkoak dira eta beheko aldean du zenbakia, gainerako espazio hutsa diseinatzeko eta atontzeko aukera emanez. Hori bai, bikotekide bakoitzak berdin customizatutako dortsala izan beharko du.

Izena emateko

Karela kiroldegian, Orioko Kultur Etxean, Orioko Herri Ikastolan eta Zaragueta Herri Eskolan eman daiteke izena Orion. Aian, berriz, Kultur Etxean daude dortsalak. 

Bikoteko 10 euro ordaindu beharko dute helduek; haur eta gazteen kasuan doakoa izango bada ere, borondatea onartuko da.

Antolaketarako laguntza

Lasterketa antolatuta badago ere, maiatzaren 18rako laguntza behar dugu Karkarak eta Berriak, besteak beste, bidegurutzeak zaintzeko eta trafikoa kudeatzeko. Eskuzabalik hartuko dugu laguntzeko prest dagoena eta gurekin harremanetan jartzeko deia egin nahi diogu, Karkarara bertara etorrita, 943 831 527 telefonora deituta edota karkara@karkara.com helbide elektronikora idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide