VII.Gorostidi Harria txapelketa entzutetsua jokatuko da maiatzaren 5ean Adunan, Muxkil elkarteak antolatuta. Bertan izango dira, besteak beste, Aiako Unai Lertxundi eta Jexux Mari Iruretagoiena –Izeta III– eta Orioko Joseba Ostolaza eta Aimar Galarraga harri-jasotzaileak. Aimar Irigoienek, Urpek, Urtzi Telleriak, Josetxo Urrutiak, Iban Ugartemendiak eta Jokin Eizmendik osatuko dute parte hartuko duten harri-jasotzaileen zerrenda. 185 kiloko harri zilindriko zaharra berdindu beharko dute sorbaldan harri-jasotzaileek.
Gorostidi harria
Iñaki Gorostidi harri-jasotzaileak esku bakar batez jaso zuen gora 185 kiloko harri hori 1982ko maiatzaren 9an, Tolosako Beotibar pilotalekuan. 77 kilo besterik ez zuen gizonak orduan eta hortaz, bere pisuaren bikoitza baino gehiago altxatzea lortu zuen. Haren omenez jarri zitzaion Gorostidi izena harriari eta Adunako bere etxean hartzen du deskantsu txapelketa iritsi artean.