Atzo bertan, abuztuaren 19an, ailegatu ziren Oriora Eusko Jaurlaritzak antolatutako auzolandegien baitan, Kaia kaleko arrantzaleen sotoak txukunduko dituzten gazteak; 30, denera. 18:00etan zuten hitzordua Herriko Plazan eta hantxe bildu ziren guztiak motxilak bizkarrean hartuta. Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak eta Euskal Herrikoak dira neska-mutilak eta bi aste egingo dituzte gurean. Egun horietan, goizez, 09:00etatik 13:30era arituko dira lanean. Txu-txu trenak hondartza aldera eramango ditu gero, Zaragueta Herri Eskolan hartuko baitute atseden egunero. Arratsaldean, berriz, aisialdirako tartea izango dute: Orio eta inguruak ezagutzeko txangoak, mendi ibilaldiak, hondartzan egonaldia... taldeko ekintzak egingo dituzte, gehienbat.
Harrera udaletxean
18:00etatik berehala hartu zituen gazteak udaletxeko udalbatzar aretoan udal gobernuko ordezkari Amaia Dorronsorok. Ongi etorria egin ondoren, gazteak zuzenduko dituen taldea aurkeztu zuen bertan Dorronsorok: Hezkide eskolako begiraleak alde batetik –Aintzane Bengoetxea, Jon Ponbar, Leire Elizburu eta Ibon Errotagaña –, txukunketa lanen arduradun izango den Aranzadi taldeko Xabier Olazabal; eta Orioko udalarekiko lotura lanetan arituko den Mikel Izquierdo.
Lanen nondik norakoak ere azaldu zizkieten bertan: lehen astean sotoen fatxada pikatu eta leundu beharko dute. Bigarren astean, paretak margotzen hasiko dira. Grafitiak egiten aditua den kide baten laguntza izango dute horretarako, mural bat egingo baitute Eusko Gudarira begirako pareta batean.