Urtero bezala, lagun giroan elkarbizitza egiteko aukera eskainiko diete aurten ere Txurrumuski taldeko kideek Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleei. Ikasturtea hasi eta gutxira antolatu ohi dute aisialdi taldekoek asteburu oso bateko egonaldia Euskal Herriko txokoren batean eta arrakastatsua izaten da irteera, 90-100 gaztek hartzen baitu parte urtero-urtero.
Bosgarren urtez segidan Azpeitiko aterpetxera joatea erabaki dute aurtengoan ere. Azaroaren 29tik abenduaren 1era bitartean hartuko dute ostatu han. 10-15 begiraleen ardurapean, hilaren 29ko 18:15ean irtengo dira haruntza autobusez.
Abentura ezberdina dela-eta, egonaldiaz gozatzera animatu nahi dituzte gaztetxoak antolatzaileek. Azpeitia ezagutzeaz gain, jolas eta tailerretan ondo pasatzeko aukera baliatzeko dei egin nahi diete.
Txurrumuskiko kideek adierazi dutenez, lotarako zakua, pijama, toalla, txankletak, xaboia, hortzetako eskuila eta pasta, arropa erosoa, barruko arropa, zapatilak eta zira eraman beharko ditu gaztetxo bakoitzak egonaldira. Bestalde, debekatuta izango dute sakelako telefonoa edo bestelako gailu elektronikoak, dirua eta gozokiak eramatea.
Izen-ematea
Txurrumuskirekin asteburu pasa joan duenak azaroaren 14an, 18:30ean eman beharko du izena Orioko kutur etxean. Honako agiri hauek eraman behar ditu gainera:
- Izena emateko orria (Orion ikasten duten haurrei ikastetxean bertan emango diete; eta, bestela, Ametsa gaztelekuan edo kultur etxean ere jaso daiteke).
- Osasun txartelaren fotokopia.
- 45 euroko ordainketa egin izanaren agiria (ordainketa Laboral Kutxan egin behar da, zenbaki honetan: 3035 0182 18 1820021770)