Zazpi talde aurrez aurre soka luze batez lotuta, tira batek alde batera eta besteak beste aldera. Horixe izan da gaur goizean Aiako pilotalekuak hartu duen kirol festaren oinarria. Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa jokatu da bertan 11:30ean hasita. Nabarniz, 6 Conceyos, Ibarra, Murueta, Sokarri, Abadiño eta Zudaire taldeetako mutilak parez pare, indarrak neurtzen.
Denek denen kontra aritu behar izan dute, txanda bakoitzeko bi tiraldi eginaz. Aurkari beraren kontrako saioan bi tiraldiak irabazita 3 puntu eramaten ditu talde irabazleak; tiraldi bakarra irabazita puntu bakarra. Helburua ahalik eta puntu gehien lortzea izaten da.
Eguerdiko ordubiak ondo jota erabaki da zein den gaurtik aurrera Euskal Herriko sokatirako txapelduna modalitate honetan: hamahiru urtez segidan Abadiñok jantzi du aurtengoan ere txapela, 16 puntu eginda. Zudaire izan da bigarren puntu bakar batera eta Sokarri hirugarren 12 punturekin.
Txapelketako irudiak ikusteko klikatu hemen.