Elikadura jasangarriaren inguruko eskolen arteko foroa egiten ari dira Orioko Kultur Etxean

Miriam 2014ko mar. 7a, 11:41

Ikasgelan landutako gaiak bateratzeko bildu dira Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleak

Ikastetxearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da Eskolako Agenda 21. Ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia. Horretarako, ikasturte bakoitzean gai bat aukeratu eta ikastetxeetan lantzen dute ikasleekin. Iaz zarata izan zen landutako gaia, eta aurrekoan bioaniztasuna -erreka, basoak... aztertu zituzten ikasleek-. Aurten elikadura jasangarria lantzen ari dira: osasunaren, ingurumenaren eta gizartearen ikuspuntutik.

Lan ezberdinak egiten dituzte ikasleek horretarako. Batetik ikasgelan gaia landu dute, ariketa desberdinak eginez. Eta bestetik diagnostiko bat egin dute, aztertzen ari diren gai horren inguruan herria zer moduz dagoen ikusten dute. Diagnostiko horretatik ondorio batzuk ateratzen dituzte eta proposamen moduan plazaratzen dituzte ideia horiek.

Bi ikastetxeen artean orain arte 25 proposamen jaso dira, eta gaurko egunean, martxoaren 7an, ikastetxeen arteko foroa egiten ari dira Kultur Etxean, ikasleentzako lehentasunezkoak edo garrantzitsuenak direnak aukeratzeko. Ikastolatik eta Zaraguetatik, LH 1. mailatik hasita eta DBH 4. mailara bitarteko ordezkari bana bildu dira.

Prozedura

Gaurko lana 25eko zerrendatik 10 inguruko proposamen zerrenda bat jasotzea dela dio arduradunak. Lehenbizi banakako lan txiki bat egingo dute ikasleek, bi ikastetxeetan jasotako proposamenak denek ezagutzeko. Gero taldeka jarriko dira eta proposamen zerrendatik talde bakoitzarentzat garrantzitsuenak zein diren aukeratuko dituzte. Pegatina batzuen bitartez egingo dute balorazioa. Talde horiek bi ikastetxeetako ikasleak nahastuta osatu dira. Azkenik bozketa guztiak kontabilizatu eta ikasle guztien artean beraientzat garrantzitsuenak diren proposamenak aukeratuko dituzte.

Proposamen horiek Orioko alkatearekin eta udaleko ordezkariekin egingo den udalbatza batean kaleratuko dituzte. Power point baten laguntzaz eta beraien ideiak argudiatuz emanez aurkezpen bat egingo dute, beraien proposamenak zergatik Orioko herriarentzat onak diren azalduz.

Proposamenak

Ikastetxeetan ikasgelan jasotako proposamenak lau azpimultzotan jaso dituzte: elikadura osasungarriaren kultura, bertako produktuak eta azoka, herriko saltokietan erosten eta hondakinak eta soberakinak.

Lehengaien ekosistemak zaintzea, sasoiko produktuen kontsumoa, baratza ekologikoak bultzatzea, azokan Orioko eta inguruko baserritarren produktuak egotea, herriko dendetan erostera bultzatzea, dendetako bildukinen erabilera kontrolatzea eta plastikozko poltsen erabilera gutxitzea izan dira, besteak beste, jasotako proposamenak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide