Erreleboa zuzendaritzan

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta herri eskola

Ainhoa Zumeta eta Belen Aberasturi. (utzitakoa)

2025-2026 ikasturtetik aurrera Zaragueta Herri Eskolak zuzendaritza berria izango du. Belen Aberasturi izango da zuzendari, eta bere ondoan, Carmen Montoya, Ane Solaberrieta eta Iurdana Camio arituko dira ikasketa buru eta idazkari lanetan. Talde horrek, azken lau urteetan Ainhoa Zumetaren zuzendaritzapean aritu den taldea ordezkatuko du.

Joan den ikasturte bukaeran izendatu zuten taldea, eta aurtengo ikasturtea Zuzendaritza Proiektua prestatzen aritu dira. Ofizialki datorren uztailean emango da erreleboa, baina dagoeneko buru belarri ari dira horretan.

Zein balantze egiten duzu Ainhoa zuen lau ikasturtetako jardunaz?

Ainhoa Zumeta: Balantzea positiboa eta aberatsa izan da, eta era berean, zailtasun handiei aurre egin diegun garaia. Guk zuzendaritza proiektu bat prestatu genuen lau urtetarako helburu batzuekin. Proiektu hori egiterakoan oso presente izan genituen Hezkuntza Sailak zituen helburuak, eta egia esan, lau urte hauetan aldaketa asko bizitu izan baditugu ere, erraz egokitu dira helburu horiek Hezkuntza Sailak ezarri duen martxari. Zentzu horretan, beraz, ondo, ez dugu zailtasun handirik izan ezarri genituen helburu horiei betetzen joateari dagokionez. Esan beharra dago, baita ere, zuzendaritza hartu genuen garaian, matrikulazio aldetik oso une gogorrak bizitzan ari ginela. Lege berriaren onarpena ere gure zuzendaritza garaia honetan gertatu da, eta Covid osteko garaia ere guri egokitu zitzaigun. Pandemiaren ondorengo ikasturtean hasi ginen gu, artean segurtasun burbuilak errespetatu behar genituen, eta kontingentzia plana bat martxan jartzea tokatu zitzaigun. Aurreko zuzendaritza izan zen Covid-a bete-betean jasan zuena, horrek suposatu zuen lan kargarekin, eta guri Covid ostea kudeatzea tokatu zitzaigun. Gezurra dirudi, baina urte bat edo bian ikaragarri ahaztu zitzaizkigun lehengo martxa.

Zer eman dizu, pertsonalki, zuzendaritzako lau urte hauek?

A.Z.: Pertsonalki hazi egin naizela uste dut, gauza askotan asko ikasi behar izan dudalako. Mila eratako zailtasunak izan dira, batzutan asmatuko genuen eta bestetan ez, baina behintzat lasaitasun handia dugu egin dugun guztia bihotz onez egin dugulako. Lanbideari dagokionez, izugarri ikasi dut. Zu, tutore zarenean, zure gelan eta zure ikasleekin zentratzen zara gehienbat, baina zuzendaritza lanak hartzen dituzunean bestelako begirada orokor bat garatzen duzu. Bestetik, zuzendari zarenean eskolako ordezkari lanak egin behar dituzu han eta hemen. Herriko eragile ugarirekin harremanetan egotea tokatu zait, eta hori oso aberatsa izan da saretze lanak egin ditugulako. EAEko zuzendari pila bat ere ezagutu dut, eta hori ere oso aberatsa izan da bateko eta besteko errealitateak ezagutu ditudalako.

Zeintzuk dira gaur egun Zaragueta eskolak dituen erronka nagusienak?

A.Z.: 2017an 40 urte bete ziren eskolan D eredua ezarri zenetik. Urte hauetan guztietan erronka berberarekin jarraitzen dugu: Hemengo eskola garaia bukatzen dutenean euskaraz biziko diren pertsonak heztea, oriotarrak izatea eta pertenentzi sentimendu hori garatzea. Horrek lan handia suposatu du orain arte, eta horixe da gaur egun ere eskolaren oinarrizko erronketako bat, oinarrizkoena ez bada.

Belen Aberasturi: Ainhoak esan duen bezala, lan handia suposatzen du erronka horrek. Ikasleak ez baldin badatoz etxetik euskaradun, eskolan euskalduntzen ditugu. Gurasoak ere, Ubera familia elkartearen bitartez eta AEKren eskutik, eskolan euskalduntzen ari dira. Lan hori guztiari jarraipena emanez, gure helburu nagusietako bat hori bera da: Euskalduntzea, eta euskara erabiltzea komunikazio hizkuntza moduan eskolatik kanpo ere, hala nola, jolastokian, herrian, aisialdian… Azken batean, euskaraz maila guztietan komunikatzeko gai izatea, euskaldun oso bilakatzea. Beste erronketako bat da iparra ondo markatu eta benetako beharrei erantzutea. Ainhoak ondo dakien bezala, mila proposamen eta ideia etortzen dira eskolara, eta horren aurrean eskolak ondo ardaztuta eta zentratuta egon behar du. Horretarako, hainbat tresna erabili ditugu: gure komunitateko partaideen artean galdetegiak egin ditugu, diagnosi bat egin eta AMIA bat adostu dugu, EHUko Hezkuntza fakultatearekin elkarlanean eskolaren gaineko hausnarketa prozesu oso bat egin dugu klaustroan… Diagnosi horretatik abiatuta helburuak markatu ditugu, eta bidean galdu gabe, horretan arituko gara. Alde horretatik esan beharra dago bat etorri direla familietatik eta irakasleengandik jaso ditugun beharrak eta Hezkuntza Sailak planteatu dituen lan ildoak. 

Zeintzuk dira?

B.A.: Lan ildo garrantzitsu bat bizikidetza positiboarena eta ongizatearena da. Ikasleek ondo egon behar dute ondo ikasteko, eta gaur egungo hezkuntzaren erronka nagusienetakoa hori bermatzea da. Denon artean, familia eta irakasle, gure ikasleak zaindu behar ditugu emozionalki ondo eta seguru sentitu daitezen. Horrekin batera, ikasleen arrakasta akademikoa lortzea da beste lan ildo nagusienetakoa. Jakina, biak uztartu behar dira, jakinda ikasleak ondo egon behar duela akademikoki aurrera egiteko. Hirugarren lan ildo nagusia, lehen esan duguna da: ikasleak euskaldun oso egitea, erabiltzea eta kultur transmisioa bermatzea. Eta laugarrena, antolaketari dagokionez, eskola eredu parte hartzaile hau gehiago zabaltzea, orain egiten denaz gain familien parte hartzea gehiago bultzatzea, batez ere, DBHn.

Lege eta Curriculum berria argitaratu zenetik, hezkuntza arautua aldaketa fase handi bat bizitzen ari da. 

A. Z.: Bai, garai berri batean gaude. Paradigma aldaketa sakona dakar curriculum berriak, nola konpetentzietan hala ebaluazioan, eta horretan ari gara. Badirudi, lehengo formula zaharrek, beharbada, ez diotela erantzuten gaur egungo bizitzeko moduari. 

Hitz egin dezagun eskola publikoaren erronkez.

B. A.: Alde batetik, eskola publikoak beti aldarrikatu izan du langileek egonkortasun handiagoa izatea. Iaz, Europako Batasunetik etorri zen agindu baten bidez, finkotasuna asko handitu da, ez eskoletan bakarrik, dakizuen bezala baita udal eta administrazio publikoko beste erakundeetan ere. Horrek berak guri, gure eskolara ekarrita, finkotasun handia ekarri digu, eta gaur egun, 10tik 9 irakasle finkoak dira eskolan, plazadunak. Jakina, irakasleriaren sendotasun horrek eragin handia du ikasleak artatzeko garaian, eta hori kezka handi bat izan da eskola publikoan. Alde horretatik, kezka hori jaitsi da.

A. Z.: Bestetik, aurten greba deialdi asko izan dira hezkuntza publikoan. Zorionez, akordio batetara iritsi dira bi aldeak, eta hor hartu diren neurriek ere sendotasuna eta kalitatea emango diote eskola publikoari, adostu diren neurri asko zuzenean ikasleen onurarako baitira. Matrikulazioari dagokionez, beti da kezka handia sortzen digun gaia. Jaiotze tasaren jaitsiera ikaragarria gertatzen ari da Euskal Autonomi Erkidegoan, eta Orion ere bai. 

Azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki, baina baita beste herrialdeetan ere, kezka handia dago Europa mailako PISA-ko emaitzek direla eta. Irakurketa ulermenean eta matematikak emaitzak ez dira onak izaten ari, joera beheranzkoa da. Hezkuntza sailak neurri batzuk hartu ditu joera hobetze aldera. Hau dena jakinda, zein da Zaraguetak duen estrategia eta zein plan ditu hurrengo ikasturterako?

B. A.: Zuk diozun bezala, Europatik etorri da larritasuna, oro har, emaitzak okerrera doazelako oinarrizko konpetentzietan. Hezkuntza Sailak aurten bertan jarri ditu martxan irakurketa eta matematika konpetentziak indartzeko programak. Gu horretan ari gara buru belarri. 

A. Z.: Garaiak aldatu dira. Beste tempo batzuetan bizi ginen lehen, gaur egun, pantailen garaia esaten diogun honetan, bizitza likidoago batetan bizi gara. Oso azkar bizi gara, azkar bizitze horrek patxada galarazi digu, eta patxada behar da lasai irakurtzeko, eta lasai egoteko eta behar den lekuan arreta jartzeko. Hori dena helduok ere aldatu dugu, eta ikasleak hor hazi dira. Horrek guztiak zer ekarri du? Irakurtzeko zailtasunak, gelditzeko zailtasunak, arretari eusteko zailtasunak, kontzentratzeko zailtasunak… konturatu gara egintzat geneuzkan gauzei berriro heldu behar diegula oinarri-oinarritik: ondo irakurtzea, irakurritakoa ondo ulertzea, matematikako oinarrizko kontzeptuak barneratzea… hortik sendotuko da guztia.

B. A.: Irakurketari adibidez, ikuspegi integral bat eman diogu, eskolan bi urtetatik 16 urte arteko ikasleak dauzkagunez. Egituratze bat eman diogu irakurketa irakasteari, txikitan ikasi baina bizitza osoan ikasten jarduten den gaitasuna da eta. Etapaz etapa, garai horri dagokion adinaren ezaugarrien arabera, baliabideak eta estrategiak zehazten ari gara ikasle guztiak irakurketan konpetenteak izan daitezen. Horretarako, hainbat eskolekin saretuta gaude eta elkarlanean aritzen gara Berritze guneko adituen aholkularitzapean. Poliki goaz, pausuz pausu eta sendo.  Zuzendaritza berriaren helburuetako bat da hasita dauden prozesu horiek guztiak sendotzea eta sistematizatzea.

Nola heltzen diozu Belen, modu pertsonalean, lau urteko erronka honi?

B. A.: Guk proiektua datozen lau ikasturtetarako aurkeztu dugu, baina aurtengo ikasturtean dagoeneko aritu gara bi zuzendaritzen arteko transmisio lan horretan. Horretarako ordu batzuk zehaztu eta aukera izan dugu transmisio hori txukun egiteko, datozen urteetako lanak prestatzen joateko. Zentzu horretan taldearen konfiantza handiarekin agertzen naiz, urduritasunarekin ere bai, erantzukizun handiko lana da eta. Gu, zuzendaritza berrirako laukotea, gure borondatez aurkeztu ginen aukeraketa prozesura. Garbi genuen erreleboa tajuz egin nahi genuela, eta irakasle bezala dugun arduraz jabetuta, heldu genion proiektua egiteari. Aurtengo ikasturtean egin dugun lanak konfiantza eta ilusio handia eman digu.

Ez dago esan beharrik, aniztasun handia dagoela eskolan, eta hori aberatsa bezain konplexua da lan egiteko garaian, Nola heltzen dio horri eskolak? Zein eskuartze plan ditu?

A. Z.: Eskolak plan asko ditu. Honi guztiari erantzuna ematen dion plan nagusia Bizikidetza Plana da. Honen barruan daude Hezkidetza Plana, Aniztasunari Erantzuteko Plana, Tutoretza Plana, Orientazio Plana…. Aspalditik errotuta dagoen estrategia bat da aniztasunarena. Egia da, azkenaldi honetan, Covidaz ez geroztik, gizartean asko kezkatzen gaituela gazteen osasun mentalak. Orokorrean, erresilientzia baxuko gazteak dauzkagu eta horri nola aurre egin Hezkuntza Sailaren hurrengo urteetako erronka nagusienetakoa izango da.

B. A.: Behar berriak sortu dira, eta horretarako daukagu orientazio departamendua. Orientazio departamenduak, zuzendaritzarekin batera, ematen die erantzuna behar horiei. Gero, unean uneko egoerak sortzen dira, eta horiek ezin dira planifikatu. Egoera berri horiei nola erantzuten diogun berebizikoa da, eta horretarako egiten dugu lan Udaleko gizarte zerbitzuekin, Emakumeen Etxearekin eta Berritzegunearekin. Beharrak, oroitaldi, desberdinak dira eta horretan asmatu behar da.

A. Z.: Behar berezietako ikasleen harrerari dagokionez, arreta goiztiarreko protokoloa daukagu HHn, Irakurketa Trebetasun neurtzeko Tresna ITT froga egiten da LH2n, adimen gaitasun handiko frogak dauzkagu… gaur egun Hezkuntza Saila froga desberdin asko egiten ari da detekzioa albait azkarren egiteko eta, neurriak albait azkarren hartzeko. Gure eskolan detekzio froga horiek guztiak pasatzen ditugu, iruditzen baitzaigu zenbat eta lehenago jakin artatzea egokiagoa izango dela eskola arrakastaren bidean. Bestetik, gure eskola anitz izan da betidanik, orain beste lurralde batzuetatik datozen familien olatua handitu egin da, eta aurreikusten da handitu egingo dala, eta gure eskolak begirada hori badauka. Harrera eskola bat izan gara, eta begirada oso goxoa daukagu etorri berri direnekiko. Begirada hori garatzen jarraituko dugu, eta datozen lekutik datozela ere, familia horiek ondo artatuak izaten jarraituko dute, horrek eskatzen dituen tresna eta mekanismo guztiekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide