Balearen plaza eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2025ko ots. 12a, 19:28

Gaur, otsailaren 12an, Carlos Zabala Madina “Arrastalu” sortzailea izan dugu gonbidatu eskolan. DBH1-eko ikasleok, mosaikoa teknika aitzaki, herriko horma-irudi esanguratsuena aztertu eta berrinterpretatzeko aukera izan dugu hezkuntza plastikoko ikasgaian.

Leire Gardiel irakaslearen esanetan, Balea plaza estenatoki gisa ulertu dugu, eta bertan herriari nortasuna ematen dion pasarte historikoa artistaren irudimenetik espazio errealera nola gorpuztu zuen jakin dugu ikasleok. Ikerketa lanean Udalaren laguntza izan dugu. Jabier Zabaleta euskara teknikariaren prestutasunari esker, proiektuaren nondik norakoak ezagutu ditugu, eta liburutegi atzea aintzina nolakoa zen ere jakin dugu.

Gaur, egun handia izan da guretzat. Herritarrentzat hain esanguratsua den txoko magiko horren berrinterpretazioa Arrastalurekin partekatzeko aukera izan dugu. Sorkuntzak sorrarazten dituen zirrarak eta buruhausteak eztabaidatzeko aukera izan dugu, euskal kulturan eta artegintzan mugarri izan den artistarekin.

Leire irakasleak ondo adierazi duen moduan: Ederra izan da materialen, tekniken eta proiektuen inguruan bizipenak partekatzea. Zirraragarria da entzule moduan Carlosek irudikatzen dituen espazioetan murgintzea. Idazle lanetan dabilela jakin ondoren, abentura gosez utzi gaitu sortzaile nekaezin honek. Errealitate fantastikoa omen da bere estiloa. Zuk gure fantasia errealitate bilakatu duzu gaurkoan. Sortzaile sentiarazi gaituzu eta zure begietako disdirarekin begiratzen erakutsi diguzu.

Mila esker, Carlos.

DBH1eko ikasleak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide