Iñaki Goenaga eta Hanni Intxausti: "Hotsak, tinbre ezberdinak, musika tresnen manipulazioarekin esperimentatzea, edota abestitxoren bat eskaitzen dugu saioaren menuan"

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2025ko urt. 14a, 11:09

Hanni eta Iñaki musikariak, gurasoak eta eskola publikoko irakasleak dira. Ikasturte honetan ume txikientzat musika tailerra ematen ari dira eskolan bertan. Ostegun honetan izango da bigarren saioa, eta aurrenengora joan ez zirenak ere lasai joan daitezkeela esan digute.

-Nondik sortu da tailerraren proposamena?

Aurreko ikasturtean, 2023/2024an, Hannik musika tailer bat egin zuen eta esperientzia polita izan zen. Haurrak eta familiak gustura geratu ziren, eta gogotsu. Ikasturte honetarako proposamena egin ziguten guraso elkartetik saio gehiago egiteko, eta ideia gustatu zitzaigun. 

-Zein helburu ditu?

Musikarekiko interesa piztea, musika eta mugimendua uztartzea eta komunikatzeko beste tresna bat eskuratzea. Eta, batez ere, ondo pasatzea.

-Zer moduz joan zen lehenengo saioa?

Deialdi jendetsua izan zen, bi taldeetan haur ugari bildu ziren. Deialdia irekia zenez, aurretik apuntatu zirenak baina familia gehiago bertaratu ziren musika saiora. Horregatik tailerraren erantzuna arrakastatsua izan zela esan dezakeg,u eta oso pozik gaude emaitzarekin. Familiek musikarekiko interesa erakutsi zuten proposamen honetan parte hartuz, hortaz, oso eskertuak gaude.

-Bi talde egin dituzue, zergatik? Zein da bitan taldekatzearen helburua? 

Taldeak banatzeko adin mugarekin zalantzak izan genituen, hala ere, garbi ikusten genuen bi taldetan banatzea egokiagoa izango zela. Batetik, adin tartea mugatuz behar desberdinetara egokitzeko aukera gehiago dugulako, eta bestetik,  talde txikiagotan lan egiteak gertutasuna eta goxotasuna bermatzeko aukera gehiago eskaintzen digulako. 

-Zer ematen die umeei musikak adin tarte honetan (0-1 urte)?

Musikak konexio neuronal berriak sortzen laguntzen du, gainera, garapen kognitibo, psikomotore eta sozio-emozionalean eragin zuzena du, eta estimulazio erritmikoak koordinazio  eta orientazio espazialean eragiten du.

Musika komunikatzeko tresna da, eta saio hauek gurasoei erraminta hau erabiltzeko ideiak partekatzea dute helburu, besteak beste. Adin tarte honentzat, hotsak, tinbre ezberdinak, musika tresnen manipulazioarekin esperimentatzea, edota abestitxoren bat eskaitzen dugu saioaren menuan. Musika zainetan daramagu, nekazaritza baina zaharragoa omen da! kobazuloetan bizi ziren gure arbasoek musika egiten zuten jada.

Hau guztia kontutan hartuta, adin tarte honi zuzendutako tailerrak eskaintzea aberasgarria izan daitekeela deritzogu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide