Kristina Olasagasti: "Lasaitasuna antzematen da geletan, eta hori ez da inprobisatzen"

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2024ko urr. 18a, 17:06

HHko hezitzaile Kristina Olasagastirekin kontu kontari ibili gara. HH3 urteko umeekin dabil lanean aurten, eta egokitzapenari buruzko galdera batzuk egin dizkiogu; izan ere, HH2ko haurrek ez ezik, HH3ko haurrek ere, egoeraren eta beharrizanen arabera, egiten baitute egokitzapena beraien erara.

Nola bermatzen duzue eguneroko komunikazioa familiekin?
Haurrak eta gurasoak egokitzeko prozesuan, ezinbestekoa da eskolaren eta familiaren artean alde biko hartu-emana ezartzea. Era desberdinetan bermatzen dugu eguneroko komunikazioa. Egunero umearen jarraipen liburuxkan datu esanguratsuenak jasotzen ditugu (nola jan duen, siesta egin ote duen, esfinterren kontrola…). Bestetik, egunero ikusten ditugun gurasoekin, behar izanez gero, bi hitz egiten ditugu. Emailez zein telefono deiaz ere komunikatzen gara. Elkarren arteko komunikazioa da garrantzitsuena eta guk hori lehenesten dugu, umearen egokitzapen prozesuan erabakiak adostasunez hartzeko.

Zerk adierazten du haurra eta familia ondo etxekotu (egokitu) direla eskolaren testuingurura?
Umea pozik eta gustura ikusten dugunean, zoriontsu etortzen dela ikusten dugunean, eta azkenean bere benetako izaera kanporatzen duenean, jada eskola esparrura egokitu dela ziurtatzen dugu.

Nola prestatzen duzue egokitzapena?
Haur Hezkuntzan haur eta familia bakoitzaren beharrak kontutan hartuz diseinatzen dugu egokitzapena, erritmo desberdinak errespetatuz, era atsegin eta goxo batean, eta beti malgutasunez. Hezitzailearekiko lotura bana-banako arreta-uneetan eraiki ohi da.

Hiru urteko umeen kasuan, beharrezkoa duten haur eta familiekin eta eskolan hasiberriak direnekin egiten da egokitzapen- prozesua. Eskola 2 eta 3 urteko irakaslea bera izaten saiatzen da, modu horretan, umeak hezitzailea ezagutzen dute eta egokitzapena xumeagoa izaten da, umeen beharretara egokituta. Ikasle berriren bat baldin badago, 2 urtekoekin egiten den egokitzapenaren antzeko prozesua egiten da. Hasieran gurasoa gela barruan, ondoren pasiluan, eta azkenik, poliki- poliki kanpora atera eta bueltan etortzen gero eta denbora gehiago pasako du. Irakasle zein umea eskolan berriak baldin badira, gurasoak eta irakasleak umeari egokitzeko behar duen denbora eskainiko diete, beharraren arabera, eta oso pertsonalizatua izango da.

Aurtengoan jada egokitzapen prozesua amaituta, HH3 urteko haurrak primeran dabiltza eskolan. Psikomotrizitate gelan, patioan, ekosistemetako guneetan, motorrekin jolasean... izugarri disfrutatuz! Lasaitasuna antzematen da geletan, eta hori ez da inprobisatzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide