YOLANDA FRIAS eta JULENE ITURBE

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2024ko urt. 16a, 23:27

Yolanda Frias eta Julene Iturbe psikomotrizistak dira. Eskolara etortzen dira astean behin, psikomotrizitate gelara, edo haurrek deitzen dioten bezala salto gelara. Biekin hitz egin dugu HHko haurren familientzat ematen duten zerbitzua zertan oinarritzen den jakiteko.

Zein helburu dituzue psikomotrizitate saio hauetan?

Gure behaketa saioetan, helburua haur bakoitzaren eta taldearen momentuko “argazki” orokor bat egitea da. Nahiz eta haurrak ikasmaila bereko taldean egon, haur bakoitzaren garapen momentua desberdina izaten da. 

Haurra erdigunean jartzea da beste helburuetako bat, eta ez gure pedagogia edo heziketa. Nolabait, haurrek mugimendua eta jolasaren bidez adierazten dute beren burua. Horiek dituzte baliabide nagusiak beren burua eta mundua ezagutzeko eta eraikitzeko.

Zer onura dakartza? Zergatik da garrantzitsua horretarako espresuki gela bat egotea, eta hori lantzea?

Haurraren heltze prozesu honetan ezinbestekoa da inguruko helduen hezitzaile, guraso, psikomotrizista... bidelaguntza, beraien ardura baita segurtasun eta konfiantzazko ingurugiroa sortzea. Bere barruko mundua adierazten ari dira: nahiak, desirak, beldurrak, kezkak... eta jolasaren maila sinboliko horretan, haurrek errealitateari aurre egiteko tresnak sortzen dituzte. Beraz, helduak haurraren adierazpenak epaitu gabe eta onarpen osoz  kokatu behar du haurraren aurrean.

Alvaro Beñaran pedagogia terapeutikoan eta psikomotrizitatean adituak dioen bezala: Haurra den pertsonari bai handi bat esango diogu, baina haurrak egiten duenari aldiz, bai edo ez esango diogu.” Modu honetan frustratzeko gaitasuna lantzeko aukera ematen goaz, pixkanaka-pixkanaka, errealitatearen mugak bizitzen laguntzen, eta horrela, besteekin elkarbizitzan aritzeko gaitasuna garatzen laguntzen diegu. 

Tutoreekin eta hezitzaileekin aurreko guztietaz jarduten gara. Tutoreek egunero haurrekin duten elkarrekintzaz eta guk saioetan ikusten dugunaz hitz egiten dugu, denon ikuspuntuak konpartituz. Informazio horrek guztiak bakarkako estrategiak edo orokorragoak sortzen laguntzen digu, haur bakoitzaren eta talde osoaren ongizatea bultzatuz.

Ubera guraso elkartearen ekimena da psikomotrizitatearena. Nola baloratzen duzue?

Aspalditik azaldu du eskolako Ubera guraso elkarteak psikomotrizitatearekiko interesa. Umea erdigune izanik, eskolak eta familiak ezinbestekoak dira haurraren garapen desberdinak ezagutzakoa, afektuzkoa, mugimenduarena... aintzat hartzeko, zazpi urte arteko lehen aldi honetan beraien izatearen sustraiak errotzen ari direlako. Beraz, familiak eta eskolak psikomotrizitateaz baliatzea, eta beren haurrei eskaintzea, positiboki baloratzen dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide