AHOZKOTASUNA LANTZEN

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2023ko ots. 11a, 10:21

AHOZKOTASUNA LANTZEN


Ikastetxean ahozkotasunari garrantzi handia ematen diogu, HHtik DBHraino. HH-n 

ipuin kontaketa, esaera zaharrak, aho-korapiloak  eta beste hainbat gauza lantzen ditugu. Gogoz jarduten dugu. Adinean gora doazen heinean, ahozotasuna ardatz izanik, hainbat ekimen aurrera ateratzen dira: antzerkigintza, irratigintza, bertsolaritza…

Honen harira, asteazken arratsaldero antzerkigintza irakastera etortzen den Ixabel Agirresaroberen iritzia jaso dugu.


 Zer nolako helburua du antzerkigintzak ikastetxean?

 Antzerkigintzarekin helburu bat baino gehiago izaten ditut. Kasu  honetan, ahozkotasuna dela eta, jarioa naturaltasunez atera araztea izaten dut kontutan. Testu zehatza ez dute irakurriz ikasten entseguetan lana sortzen ari diren heinean baizik. Horretarako, beraiei ematen diet antzezlana sortzeko aukera. Beraiena sentitzen dute lan hori eta ist niorioa ondo ezagutzen dutenez ,eta momentuan, bat batean, ezustekoren bat izaten bada etenik ez dute izango.
Entsegu bakoitzean ideia berri eta osagarri bat sortzen bada eta ondo egokitzen bada kontakizun horretan onartzen dugu. Sormen lan hau bizirik mantentzen dugu horrela eta antzezleak ere bizirik daude bat-batekotasunean erantzuteko. 


Bestalde, irratiaren arduraduna den Aritz Baraibar irakaslearekin hitz egin dugu. 


Zer nolako funtzionamendua dauka irratiak Zaragueta Herri Eskolan?

Zaragueta Irratia 2018. urtean sortu genuen eta helburua herriari bi astetik behin irratsaio bat eskaintzea da. Horretarako, lehenengo ikasleek saioaren gidoia sortu behar izaten dute eta ondoren, ikasle bakoitzak bere zatia ondo prestatu duenean irratsaioa jarraian grabatzen dugu. Saioa ikasleen blogean zintzilikatzen dugu bakoitzak nahi duen une eta lekutik entzun dezan. 

Aurten LH 5-6. mailako ikasleek tailerretan lantzen dute nahiz eta eskolako edozein gelak duen irratsaioan parte hartzeko aukera. 

Irratiaren bidez  hitz egiteko abiadura eta ahoskotasuna egokia zein den lantzen dugu. Honetaz gain,  jendearen aurrean hitz egiteko beldurra galtzen ere joaten dira eta ikasleak gustura aritzen dira.


Azkenik, LH5 eta LH6. mailan bertsolaritza lantzen dugu ostegunero. Hamabostean behin herritarra den Iñaki Gurrutxaga bertsolaria klaseak ematera etortzen da . Ikasleei kantuan ekiteko ariketak jartzen dizkie eta aldi berean hurrengo asterako lanak uzten ditu. Etortzen ez den aste horretan, maila horietako euskara irakasleak ematen ditu klaseak. Ikasleak gustura aritzen dira kantari eta jolas bidez kantuan. Honela, ahozkotasunari eta haren bitartez lantzen diren konpentziei bultzada ematen diegu.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide