Distira duen oro ez omen da urrea

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2020ko abe. 16a, 11:36

Abdoulaye Senegaldik Donostiara bidean izandako bizipenak kontatzera etorri da Zaragueta eskolara.

Abdoulaye Donostiara iritsi zenean konturatu zen Europan ere bazela kalean lo egitera behartua zegoen jendea; are gehiago, Afrikatik iritsi berria bazara. Algecirasen autobusetan sartu zituzten egun batzuk lehenago bertara iristea lortu zuten 500 lagunetik gora. Autobus bakoitza estatuko puntu desberdin batera zihoan, baina inork ez zekien bere autobusa nora zihoan. Ezta Abdoulayek ere Donostiara iritsi zen arte. Autobusetik jaitsi eta Gurutze Gorriaren Groseko egoitzara eraman zituzten, baina 3 egunen ondoren kalean lo eginarazi nahi zieten. 2018ko udan, ordea, Donostiako babes-sarea sortu berria zen eta, haiei esker, Txantxerreka gaztetxean lo egin ahal izan zuten.

Txantxerrekan harreman asko egiteko aukera izan zuen eta han ezagutu zituen gaur egun oraindik familiatzat dituen bi familia euskaldun: bata Eibarren eta bestea Donostian. Izugarri lagundu omen zion Eibarko familiak, euskal kultura eta parajeak ezagutzen, bereziki, jana eta mendiak. Hala erabaki zuen sukaldaritza bi urtez ikastea. Orain, selektibitatea egiteko ikasketak ari da burutzen eta bere asmoa, paperak lortzen dituenean, Euskal Herriko Unibertsitatean ikastea da.

Ez, ez baitu paperik. Ikasleek horixe galdetu diote: zer egin ahal izango duzu paperak lortzen dituzunean? Lan, ikasi edota Senegalera itzultzeko aukera izango duela dio. Paperik gabe ezin baitu lan-kontraturik izan, paperik gabe ezin baitu Unibertsitatean ikasi eta, paperik gabe, ezin baitu bere familia bisitatzera joan Senegalera, eta haien hutsunea sentitzen du.

Aurten Oriora bizitzera etorri den Ismael eta Abdoulaye zonalde berekoak dira. Elkarrengandik oso gertu dauden herrietakoak dira. Hango janaz edo hizkuntzez hitz egiterakoan elkarri begiratu eta euren hizkuntzan hitz egiten hasi dira. Abdoulayek hizkuntza asko baitakizki jada: wolofa, pulaarra, sereerra, frantsesa, ingelera, espainiera... eta euskara ikasten ari da.

Ikasleek Abdoulayeren esperientzia lehen pertsonan kontatua entzuteko aukera izan dute eta oso baliagarria izan zaiela adierazi dute: kulturartekotasunaren gaia lantzeak gureak ez diren baina gurekin batera dauden beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera paregabea eskaini digu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide