Nire Honetan

Bizitza, garesti

Erabiltzailearen aurpegia rikardo uzkudun 2022ko eka. 10a, 08:30

Munto aldean egitekoak diren alokairu sozialeko etxebizitzen irudi bat.

Maiatzeko KARKARA aldizkariko Nire Honetan atalean idatziko artikulua da hau.

Balearen Eguna, Biziberritze plana, Oinherri ekimena, sanpedroak.... Elkarrengana bildu eta elkar igurzteko garaiak heldu dira halako batean, bagenuen premia.

Bada beste kontu bat, ordea, elkarbizitzaren ezinbesteko parte dena: bizitzea bera. Urtebete besterik ez da geratzen legealdia bukatzeko, eta pandemiaren aurretik izan zen arren, akordatuko zarete udalak herriko familien ekonomiaz egin zuen lanaz. Pobrezia, desberdintasunak eta gizarte bazterketa Orion zuen izenburua eta bi ondorio nagusi atera zitezkeen handik: bat, etxebizitzen %10etan, 200 etxebizitza ingurutan, pobrezia eta gabezia egoera larriak jasaten dituzte; eta bi, pobrezia larriari dagokionez, Gipuzkoaren eta Autonomia Erkidegoaren ehunekoa bikoiztu egiten du Oriok.

Ez dakit zertan diren Munto aldean eraiki behar dituzten alokairu sozialeko etxebizitzak, ez dakit zertan den alokairua mugatzeko legea... Dakidana da etxe batzuetan, familia batzuek, hilero-hilero, etxebizitza zaharrak errenta berrien prezioan ordaintzen dizkietela beste familia batzuei, itute eta leihoetako zirrikitu eta guzti, alokatzeko Urola Kostako bigarren herririk garestienean (2020. urteko datua, AME). Han eta hemen, garesti dago bizitza, batzuentzat.

Pentsa, lehen merke ez bazegoen, orain.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide