Kale-izenen plaka berriak ari da jartzen Udala egun hauetan. Lehenbizi zutabeetan muntatuta dauden plakak jarriko ditu eta, ondoren, etxeetako fatxadetakoak. Alde zaharrekoak izan ezik, herriko kale guztietako plakak berrituko dira (alde zaharreko plakak berriagoak dira, orain dela urte gutxi aldatu ziren-eta).
Plaka berriak jartzeko arrazoiak hiru izan dira:
- Herria handitzearekin batera kale berriak sortu dira eta kale horietako batzuk errotulatu gabe zeuden oraindik.
- Azken urteotan etxe askotako fatxadak berritu dira eta, horren ondorioz, plaka batzuk desagertu egin dira.
- Lehengo plaka zaharrak oso ajatuta eta itsusituta zeuden.
Udal brigada hasita dago plaka berriak jartzen dagoeneko. Plaka berrien kostua 4.411 eurokoa izan da.