Orioko Udalak familia ugarientzako hainbat hobari onartu ditu, izaera urbanoko Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak. Interesatuek otsailaren 28a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal bulegoetan.
Familia ugariaren izaera kreditatuta daukatenek, izaera urbanoko higiezin BATENTZAKO eska dezakete hobaria, higiezinaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa baldin bada eta baldintza hauek betetzen badituzte:
- Familia ugariaren ohiko etxebizitza izan behar du eta bertan erroldatuta egon behar dute.
- Familia ugariko inork ezin du izan beste ondasun higiezin baten jabe.
Hobariak hauek izango dira: 3 seme-alaba dituzten familiak: % 52,50; 4 seme-alaba dituzten familiak: % 63; eta 5 seme-alaba edo gehiago dituzten familiak: % 73,50.
Hobari horiek eskatu nahi dituztenek udal bulegoetara jo behar dute otsailaren 28a baino lehen, honako ordutegian: 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera. Bertan emango zaien instantzia bete beharko dute honako dokumentazioarekin batera:
- Familia ugariaren txartela.
- Izaera urbanoko ondasun higiezinaren azken ordainagiria ordaindu izana kreditatzen duen agiria.
- Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe.
Interesatuek gogoan izan behar dute, nolanahi ere, urtero aurkeztu behar dela hobariaren eskaera.