Igandean da azken eguna 1. Euskararen Ginkanan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko urr. 19a, 13:02

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako DBH 3 eta 4. mailako ikasleek parte har dezakete eta izena emateko epea urriaren 22an bukatuko da.

Euskaren Ginkana 15-16 urte arteko gazteentzako lehiaketa bat da. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako DBH 3 eta 4. mailako ikasleek parte har dezakete eta izena emateko epea urriaren 22an bukatuko da, igandearekin. Informazioa eskatzeko, Orioko gaztelekura jo dezakete gazteek; baina, nolanahi ere, izen-ematea on-line egin behar da, lau laguneko taldetan, honako helbidean:

http://www.euskararenginkana.eus/eu/ginkanak/urola-kostako-euskararen-ginkana-1-edizioa/gi-36/

Euskararen Ginkanaren lehen edizioa

Gure bailaran gazteek eskolan euskaraz ikasten dute eta euskarari buruzko gaiak ere lantzen dituzte. Baina, eskola, eskola da. Horrexegatik, euskarari buruz gogoeta eginarazi nahi diegu, baina lehian, jolasean. Bost herrietako gazteak jarri nahi ditugu harremanetan, lehia sanoan, hain naturala zaien hizkuntzari buruz gogoeta egin dezaten, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik.

Kutxa Ekoguneak 2011n antolatu zuen lehenengoz Euskal Herriko euskararen ginkana, euskaraz eta euskararekin jolas egiteko ekimena. Aurten, ginkana gure bailarara ekarri nahi izan dugu eta Urola Kostako Euskararen Ginkanaren 1. edizioa antolatu dugu.

Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkana euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izaten dituzte talde lehiakideek. Urola Kostako Euskararen Ginkana I. edizio honetan mundu mailako begiradatik, Urola Kosta eskualdeko begirada eta praktiketara egingo da salto.

Izen-ematea bultzatzeko, bideo labur hau egin du mankomunitateak, bost herrietako gazte batzuen laguntzarekin:

https://youtu.be/ABx7yiLdX_U

Taldeak, probak eta finala

Ginkana taldeka jokatuko da (4 laguneko taldeak).

4 proba egin beharko dira on-line (astean bat) eta puntu gehien lortzen duten lau taldeek finala jokatuko dute Zarautzen, aurrez aurre, abenduaren 2an.

Finala izango da Zarauzko Gaztelekuan, 17:00etan.

Sariak: talde finalistetako kide bakoitzak 50,00 euroko erosketa bonoa eskuratuko du, bailarako establezimenduetan erabiltzeko. Talde irabazleko kide bakoitzak, berriz, 100,00 euroko erosketa bono bana.

Finalaren ondoren festa egingo da, bailarako gaztelekuetako gazteentzat (DJa, musika, askaria…).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide