Aurreneko aldia da UEMAk 'Salto!' topaketa antolatzen duela, bere hezkuntza proiektuaren barruan. Helburu hauxe du: gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzea eskolatik kanpoko inguru batean.
Arnasguneetako gazteen artean euskararen erabilera eta kontzientziazioa sustatzeak daukan garrantziaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimena.
Hezkuntza proiektuaren barruan dator 'Salto!'
Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta joan den ikasturtean mankomunitateko ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektu orokor horren barruan kokatzen da 'Salto!' gazte tokapeta hau.
Itxaspe baserrian juntatuko dira Euskal Herri osoko 40 gazte
Urriaren 20tik 22ra izango da gazte topaketa, ostiraletik igandera, Orioko Itxaspe baserrian, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beren artean euskara oinarri hartuta saretzea da asmoa. 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dira topaketan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera. Maddi Gallastegi UEMAko hezkuntza teknikaria izango da topaketaren koordinatzailea.
Topaketan parte hartzeko, 75 gaztek eman zuten izena eta, Itxaspen gehienez 40 kabitzen direnez, zozketa egin behar izan da, nor etorriko den erabakitzeko.
Josu Labaka, UEMAko lehendakaria: Gazteak euskara zabaltzeko agente aktibo izatea lortu nahi dugu 'Salto!' Gazte Topaketarekin
UEMAko presidente Josu Labakak nabarmendu du asteburu berezia dela hau UEMArentzat: Topaketa hau giltzarria den kezka eta ildo bati erantzuteko sortu du UEMAk. UEMAri duela zenbait urte sortu zitzaion azkenaldian lau haizetara zabaltzen ari den kezka: hizkuntzari eusteko hiztun komunitate kontzientziatua eta aktiboa izateak duen garrantzia. Horretarako, udalak eta administrazioa euskalduntzeko ohiko ildoei eusteaz gain, udalerriak ere euskalduntzeko eta herritarrak kontzientziatzeko lan egin beharra dagoela eta horretarako bitartekoak jarri beharra dagoela erabaki zuen UEMAk. Geroztik, azken bost urteotan, lan handia egin dugu kontzientziazioan. Gazteentzat, zehazki, hezkuntza proiektu integrala ere diseinatu eta abiatu dugu, udalerri euskaldunetako eskoletan iraunkorki eta estrukturalki lantzeko. Herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko beharrari erantzuteko, ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da gakoa, hizkuntza ohituretan eragin ahal izateko.