Jarduera ugari antolatuko dira aurten Arraunetxen, errioaz gozatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko eka. 26a, 17:32

Begi Bistan enpresak antolatzen ditu Arraunetxeko aisialdiko jarduerak. (Begi-Bistan Facebook)

Hiru dira aurten Begi-Bistanek eskainiko dituen jarduera nagusiak: ur topaketak, piraguan egindako ibilbide gidatuak eta ontzien alokairua.

Arraunetxean antolatzen diren uretako jarduerak Begi Bistan enpresak kudeatzen ditu, Udalak egindako lehiaketa berak irabazi zuelako. Urtetik urtera indarra hartzen ari dira errioan antolatzen diren jarduera horiek eta gero eta jende gehiagok baliatzen ditu.

Begi Bistanek egiten duen jarduera-eskaintza edozeinek baliatzeko modukoa da, bai bertako herritarrek eta bai kanpotik datozkigun bisitariek.

Hiru dira aurten eskainiko dituen jarduera nagusiak: ur topaketak, piraguan egindako ibilbide gidatuak eta ontzien alokairua.

Ur topaketak

Aurten eskainiko dira lehenbiziko aldiz. Udaleku gisako programa bat da, astebetekoa edo bi astekoa izan daitekeena. Aukera ematen du, hainbat egunetan, Arraunetxean eskaintzen diren uretako jarduera guztiak egiteko: piragua, big sup, jaitsiera, trainerua…

Bi asteko programak 99 euroko kostua du eta astebetekoak, berriz, 69 eurokoa.

Egun bakarrekoa ere izan daiteke: astelehenetik ostegunera, 20 eurotan; eta ostiralean, 30 eurotan.

Izena emateko, honako telefonora deitu behar da: 657 794 677

Ibilbide gidatuak piraguan

Iaz ere egin ziren ibilbide gidatu hauek eta aurten indartu egin nahi ditu Begi Bistanek. Jarduera honetan errioaren jaitsiera egiten da piraguan, Txokoaldetik abiatu eta Arraunetxean bukatu. Normalean marea gora dagoenean egiten da, ura jaisten hasitakoan. Ibilbidean barrena, parte-hartzaileei azalpenak ematen zaizkie errio ertzean ikusten denari buruz: ontziolak, aluneak, garai bateko baleazaleen kontuak, merkataritza…

Jarduerak ordu eta erdiko iraupena du. 8 euroko prezioa du helduentzat eta 6 eurokoa, haurrentzat.

Izena emateko, Begi Bistan enpresara deitu daiteke (657 794 677) edo, baita ere, udal kanpinera (943 834 801) edo turismo bulegora (943 835 565)

Ontzien alokairua

Ontziren bat alokatu nahi izanez gero, Arraunetxean aukera zabala dago: paddle surf egiteko taulak, paddle taula handia (7-10 lagunentzat), piraguak, 6-9 lagunentzako ontzi pneumatikoa, trainerua…

Ontziak alokatzeko ordutegia hau da: 10:00etatik 19:00etara.

Prezioak aldakorrak dira ontzi-motaren eta denboraren arabera (ikusi behean).

Ontzia alokatzeko edo informazio lortzeko, deitu Begi Bistaneko telefonora: 657 794 677

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide