Orioko Udalak plaka bat jarri zuen Orioko espigoi-muturrean 2002ko apirilaren 22an, 20. mendean barran hildako marinel eta arraunlarien oroimenez. Egun hori aukeratu zen, orduan betetzen zirelako 50 urte Orioko barran izan den istripurik larriena gertatu zenetik: Virgen Carmeli baporearen hondoratzea eta bost gizonen galera.
Handik 12 urtetara, 2014ko otsailean, denborale bortitz batek kalte handiak eragin zituen Orioko espigoian eta, besteak beste, muturrean zegoen plaka hura itsasoak eraman zuen.
Plaka berria jarri du orain Udalak
Orain plaka berria egin du Udalak eta dagoeneko jarrita dago espigoiaren bukaeran. Egokiera aprobetxatu du, gainera, lehenbiziko plakan falta ziren izen batzuk osatzeko eta zenbait datu zuzentzeko.
Apirilaren 22an 65 urte bete ziren Virgen Carmeli baporea irauli eta hondoratu zela eta, hori dela-eta, espigoi-muturrean bildu ziren Orioko eta Getariako Udalen ordezkariak eta Orioko Kofradiaren ordezkaria, barran 1966an hil zen Jesus Garmendia Lazkano getariarraren bilobek lagunduta.
23 gizon hil ziren Orioko barran 20. mendean
Orioko barrak historia beltza du eta plakak horren zati bat jasotzen du, 20. mendeari dagokiona. Guztira, 23 gizon hil ziren Orioko barran 20. mendean; ia guztiak oriotarrak:
Lorenzo Azpiroz Maritxalar (1907-06-26)
Jose Bixente Fernando Loidi (1922-02-14)
Jose Manuel Lazaro Mitxelena (1922-02-14)
Laureano Oliden Oliden (1925-05-11)
Jose Inazio Alfonso Manzisidor (1925-05-11)
Bautista Lopetegi Arregi (1932-09-06)
Benito Diaz Estebanez (1932-09-06)
Martin Iribar Olaizola (1935-03-28)
Antonio Murua Elizalde (1941-05-07)
Juan Jose Iparragirre Lizarraga (1943-04-07)
Jose Cruz Lopetegi del Puerto (1943-04-07)
Santiago Otaegi Solaberrieta (1943-04-07)
Andres Iraola Manterola (1952-04-22)
Inazio Iraola Manterola (1952-04-22)
Jose Ramon Oliden Lizaso (1952-04-22)
Agustin Agirre Odriozola (1952-04-22)
Teodoro Ganuza Zuñiga (1952-04-22)
Manuel Manzanas Nikolas (1953-08-25)
Jose Urretabizkaia Eizagirre (1953-08-25)
Ramon Uranga Irigoien (1961-03-04)
Jesus Garmendia Lazkano (1966-11-03)
Benito Lertxundi Lizaso (1975-06-10)
Eujenio Zabala Zubiarrain (1975-06-10)
Fabian Loidiren bertsoa
Plakak, 23 gizon horien izenez gain, Fabian Loidi apaiz eta idazleak idatzitako bertso hau dakar:
Oriotarren kezka minena da barra,
itsasorako duten ur-bide bakarra,
ogi billa joateko igaro bearra
eriotza dutela zelatari zaarra