Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Berdin-Berdinak elkarteak antolatuta eta Orioko Udalak lagunduta, sentsibilizazio-saio bat egingo da Karela kiroldegian, LH6 mailako ikasleei zuzenduta.
Saioa otsailaren 14an izango da, asteartearekin, Karela kiroldegiko pista nagusian, 14:30etik 16:30era bitartean. Bertan parte hartuko dute eskolako eta ikastolako LH6 mailako ikasle guztiek, federazioko eta Berdin-Berdinak elkarteko langileekin eta boluntarioekin batera.
Saioaren helburua da ikasleei aukera ematea urritasun egoera batzuk bertatik bertara ezagutzeko eta, horrekin batera, gaiari buruzko gogoeta eta sentiberatasuna bultzatzea.
Kiroldegiko pistan hainbat postu jarriko dira eta bakoitzean ariketak eta jolasak planteatuko zaizkie ikasleei. Ikasleak postu batetik bestera pastuko dira, txandaka, eta bertan planteatzen zaizkien jolas eta ariketen bidez aukera izango dute urritasun egoera baten esperientzia bizitzeko eta, horrekin batera, gaiari buruz hitz egiteko: egoera horretan nola moldatu diren, zer sentitu duten…
Saioan parte hartuko dute, baita ere, herriko alkateak eta Udalaren eta bi ikastetxeen hainbat ordezkarik.
LaCaixa-ren laguntza
LaCaixak babesten du astearteko saioa eta, antolaketarako dirua jartzeaz gain, Orioko sukurtsaleko langileak eta zuzendaria ere arituko dira kiroldegian, boluntario lanean, federazioko eta Berdin-Berdinak elkarteko kideekin batera.
Hitzaldiak bi ikastetxeetan
Sentsibilizazio-lana behar-beharrezkotzat jotzen dute Berdin-Berdinak elkartekoek eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziokoek eta, horregatik, astearteko sasio hori antolatzeaz gain, bi hitzaldi ere antolatu dituzte, DBH4ko ikasleei zuzenduta: bat Zaragueta eskolan eta bestea Orioko Herri Ikastolan. Zaraguetako hitzaldia eman dute dagoeneko eta laster emango dute ikastolakoa. Hitzaldiaren gaia honako hau da: Urritasun-egoerak, kirol egokitua eta horren inguruko bizipenak.