Lou Topet taldeak kontzertua emango du Orion aurreneko aldiz eta, saio horretan, Harkaitz Cano idazlea izango dute lagun, taula gainean. Kontzertua kultur etxeko areto nagusian izango da.
Lou Topet talde zarauztarrak disko-liburua kaleratu zuen 2015ean, 'Abesti bat gutxiago' izenekoa, eta disko horretako kantak eskainiko dituzte batez ere. Disko horretan talde estatubatuar ezagunen kanten bertsioak egin zituzten. Kanten euskarazko bertsioak Harkaitz Canok egin zituen eta disko-liburuaren testuak ere berak sortuak dira.
Musikariek eta idazleak elkarrekin egindako bide horren erakustaldia izango da kontzertua.
Sarrerak salgai kultur etxean
Lou Topet taldearen kontzerturako sarrerak kultur etxean daude salgai, 5 euroko prezioan.
Ekitaldia otsailaren 24an izango da, ostiralarekin, 22:30ean hasita. Udalak antolatu du, 'Euskaraz bizi-bizi' egitasmoaren barruan.
Udalak 120 sarrera jarri ditu salgai eta dagoeneko eros daitezke kultur etxean. Interesa dutenek, beraz, hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea.