Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren 3. deialdia egin du. 2016an bi edizio egin ziren eta, orain, 2017ko lehenengo taldea osatuko da. Otsailaren 1ean jardunaldi bat antolatu du Udal Elkarteak, interesa dutenei xehetasun guztiak azaltzeko.
2016an egindako bi edizioetan 38 pertsonek hartu zuten parte. Gaitasun sozioprofesionalak landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin zituzten 13 enpresatan: praktikak, prestakuntza lanpostuan…
Zer da Hazilan?
Gazteei gaur egun beharrezko dituzten trebetasunak bereganatzen laguntzeko eta, era berean, enpresek dituzten beharrei erantzuteko programa da. Programaren balio erantsia da esperientzian oinarritutako ikaskuntza jasotzea, hain zuzen ere gaur egun enpresek eskatzen dituzten trebetasun eta konpetentziak lantzeko.
Nori zuzenduta dago?
20-35 urte bitarteko gazteentzat eta goi mailako ikasketak dituztenentzat. Eskualdekoek lehentasuna izango dute.
Zer lantzen da eta nola?
Gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko dira: proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea.
Programak bi fase edo atal ditu. Parte-hartzaileek lehendabizi AKTIBATU urratsa egingo dute: zeharkako konpetentziak landuko dituzte ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Ondoren, laneratzeko aukera eta bideak aztertuko ditugu parte-hartzaile bakoitzarekin, bere ezagutza, jarrera, nahi eta ezaugarrien arabera: proiektu zehatzen lanketa, praktikak, prestakuntza lanpostuan bertan…
Egutegia eta ordutegia
- Aktibatu (lehen urratsa, konpetentzien lanketa):
- Noiz: otsailak 20-apirilak 6
- Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
- Laneratze baliabideak (bigarren urratsa):
- Noiz: maiatza-uztaila
Izen ematea: urtarrilaren 30etik otsailaren 10era.
Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta. Bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (helbidea hazilan@urolakosta.eus). Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen wegunean: www.urolakosta.eus
Informazio-saioa
Informazio-saioa egingo du Udal Elkarteak, interesa dutenei programaren xehetasunak azaltzeko:
- Eguna: otsailak 1
- Ordua: 10:00-11:00
- Non: Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea, Zarautz)
1 eta 2. edizioa
Hazilanen bi edizio egin dira 2016an. Guztira, 38 pertsonak parte hartu dute (18 emakume eta 20 gizon). Lehendabizi konpetentzia sozioprofesionalak landu dituzte eta, ondoren, enpresetan laneratzeko prozesuak egin dituzte (praktikak, prestakuntza lanpostuan…), eskualdeko nahiz Gipuzkoako beste eskualde batzuetako enpresetan. Honako enpresa hauek parte hartu dute lehen bi edizioetan:
- Pavitec 2000 SLU,
- Ongi Mecanizados en Madera SL
- Aner Sistemas Informáticos
- Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak S.L.
- Ad hoc centro de comunicacion y marketing SL
- Dulces Reineta, S.L.
- Arktelier, arkitekura estudioa
- Xare
- Otzarreta Comunicación, S.A.
- Eraman SL
- Ortzadar ikastetxea
- Kalexka
- Begi-bistan, Turismo Zerbitzuak
Programa operatiboa 2016-2020
Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).