Xuban Intsaustik egindako dokumentala da eta Amets Arzallus bertsolariak aurkeztuko du. Dokumentalak 55 minutu inguru irauten du eta, bukatzen denean, solasaldia izango da Amets Arzallusen eta Jon Agirresarobe Torrotxo oriotarraren artean. Bertaratzen direnek ere izango dute aukera parte hartzeko eta galderak egiteko.
Mugek eragindako zauriak
Amets Arzallus bertsolariak Txipreko inprobisatzaileekin bertso saio bat egin zuen uztail hasieran Paphos herrian. Bertso saio horren aitzakian mugak zatitutako bi herri gurutzatzen ditu dokumentalak: Txipre uhartea eta Euskal Herria.
Txipre 1974az geroztik muga batek zatitua dago, alde batean bizi dira greziarrez mintzo diren txipretarrak, eta beste aldean turkiarrez mintzo direnak. Alde bakoitzak beste aldean utzi behar izan zituen bere hildakoak, bere desagertuak, eta bere etxeak. Berrogei urte pasa dira, eta ez da apenas ezer aldatu. Aktualitateak ahaztua duen gatazka honen zaurietan barna bidaiatuko du Amets Arzallus bertsolariak. Eta gero, Txipren ikasitakoa Euskal Herriko gatazkara ekarriko du bere errelato propioa egiteko.
Mugaminak dokumentala gatazka batek zauritutako jendeetan barna kantuz egindako bidaia bat da, eta gero eta muga gotorragoz josia dagoen mundu baten inguruko gogoeta.