Azaroaren 6ko gauean lapurrak sartu dira berriz Orioko Eguneko Zentroan. Sarrera bortxatu eta telebista bat lapurtu dute.
Aurreko asteburuan ere lapurrak sartu ziren gauez bai Eguneko Zentroko ile-apaindegian eta bai KTA eraikinean –Kosta tailerra izenez ezagutzen dena–. Eguneko Zentroan kalte txikiak eragin zituzten eta kafe-makinako txanpon batzuk lapurtu; baina KTA eraikinean txikizio handia egin zuten, 9 ate bortxatu zituzten-eta. Eramateko moduko ezer ez zuten aurkitu; baina Udalak hiru ate osorik aldatu beharko ditu eta gainontzekoak konpondu.
Laguntzeko deia herritarrei
Udalak dei egiten die herritarrei, laguntzeko. Norbaitek jende-mugimendu arraroren bat sumatzen badu, ondo dator udaltzainei –943 830 028– edota Ertzainari –943 538 900– deitzea, ingurua arreta gehiagoz zaindu dezaten.