Kontzertua urriaren 21ean izango da, 20:00etan hasita eta Orioko Udalak antolatu du, parrokiarekin eta Easo abesbatzako kideekin elkarlanean.
ARAOZ Gazte abesbatza
ARAOZ Gazte abesbatza, Easo abesbatzaren bosgarren taldea, 2004an sortu zen, eta 12 eta 17 urte bitarteko neskek osatzen dute.
Abesbatzak Gorka Miranda izan du zuzendari hasiera-hasieratik, eta urte gutxitan Gipuzkoako hainbat musika eta abesbatza jaialditan eman ditu kontzertuak; horien artean nabarmenenak Luis Urteagaren Oroimenezko IX. Zikloa eta Miramongo Matinéeak –2010-2011 denboraldia–, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak antolatzen dituenak, dira. Horietan hainbat motatako formatutako proiektutan parte hartu du. Honako hauetan ere parte hartu du abesbatzak: Amilcare Ponchielliren La Gioconda operan,Santanderko 55. Nazioarteko Jaialdian; Pucciniren La Bohéme operan, Donostiako Musika Hamabostaldiko 75. edizioan; baita Burgoseko Cultural Cordón Zikloan, 2013. urtean Miarritzeko Festival Musique en Côte Basque zikloan eta 2016an Beriloz-en Te Deum-a Donostiako Musika Hamabostaldiko 77. edizioan.
Abesbatzak musikari zein zuzendari garrantzitsuekin lan egiteko aukera izan du, besteak beste¡, Antonio Pirollirekin, Juan José Ocónekin, José Luis Estellésekin eta V.P. Perezekin, baita orkestra garrantzitsuekin ere, tartean, Ukrainako Orkestra Nazionalarekin, Irungo Orkestrarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin...
Zuzendaria: Gorka Miranda Blanco
Mädchenchor Wiesbaden abesbatza
Mädchenchor Wiesbaden nesken abesbatza bat da. 2010ean sortu zuen Gerd Rixmann musika eta kantu irakasleak, eta integratuta dago neska eta emakumeekin lan egiten duen erakunde batean. Nesken bi koruek, emakumeen beste batek eta Vokalisma izeneko talde bokalak osatzen dute elkarte hori. Elkartearen helburua nesken artean musika korala garatzea da. 5 urterekin hasten dira abesten koralean.
Azken 6 urteetan, Mädchenchor Wiesbaden abesbatzak parte hartu du era iraunkorrean Wiesbaden herrialdeko bizitza kulturalean, gizarte eta eliz erakundeetan kontzertuak emanez. Bestetik, Europako nesken beste abesbatzekin trukeak egin izan ditu sistematikoki; esaterako, Ingalaterra, Polonia, Txekia eta Eslovakiako abesbatzekin. Lehenbiziko aldia da Euskal Herrian abesten dutena eta hori posible izan da Donostia eta Wiesbaden hirien arteko senidetasun itunaren babesean.
2016ko irailaz gero, Danilo Tepsa musika irakaslea eta bokalistak zuzentzen du abesbatza.
Programa
Honako hau da abestuko dituzten kanten programa:
Easo Araoz Gazte abesbatza
- Panis angelicus. A. CAPLET (1878-1925)
- Izar eder. N. OTAÑO (1880-1956)
- Panis angelicus. C. FRANCK (1822-1890)
- Cançó a la Verge. P. CASALS (1876-1973)
Mädchenchor Wiesbaden abesbatza
- Heilig ist Gott, der Herr. G. P. TELEMANN (1681-1767)
- Da pacem Domine. C. GOUNOD (1818-1893)
- Alleluia. S. K. ALBRECHT (1954- )
- Nigra sum. P. CASALS (1876-1973)
- Ubi caritas. M. PATTERSON (1969- )
- Hebe deine Augen auf (Elias). F. MENDELSSOHN (1809-1847)
- O, Clap Your Hands. J. KNOWLES (1946- )
- How Merrily We Live. M. ESTE (1580?-1648)
- Adiemus. K. JENKINS (1944- )
- Freude, schöner Götterfunken. L. W. BEETHOVEN (1770-1827)
Batera
- Jubilate Deo. M. PATTERSON (1969- )
- Txoria txori. M. LABOA / MOISES BAUTISTA