Ángel Obregón Sierra arraun zale kantabriarrak liburua idatzi du traineruen historiari buruz eta horren aurkezpena egingo du abuztuaren 20an, larunbatarekin, Orioko Salatxo aretoan, 12:00etan hasita. Ekitaldi irekia da eta herriko arraun zale guztiak gonbidatuta daude bertaratzera.
Kantauri osoko berri
Liburua gaztelaniaz idatzita dago eta honako izenburua du: Historia de las traineras (1939-1963). Del esplendor a la crisis. Euskal Herrian argitaratu izan diren traineruei buruzko liburuak, normalean, oso zentratuta egon dira hemengo estropadetan eta, liburu honen egilearen hitzetan, honek Kantauri osoko estropaden berri ematen du: Euskal Herritik hasi eta Galiziaraino. Orain arte argitaratu ez diren argazki ugari lortu ditu egileak eta, tartean, badaude Orioko taldearenak ere; izan ere, liburuak Orioko arraunarentzat oso garrantzizkoa izan zen aldi bat aztertzen du: 1939tik 1963ra arte.
Ángel Obregón Club de Remo Santander kirol elkarteko presidentea da.