Hondakin organikoak biltzeko edukiontziak lur gainekoak izan dira orain arte Orion; baina, hemendik aurrera, gehienak lur azpikoak izango dira.
Udalak bere garaian instalatu zituen lur azpiko edukiontzien artean, gune bakoitzean, bi edukiontzi zeuden errefusarako eta bana ontzi arinetarako, paperetarako eta beirarako, argazkian ikus daitekeen bezala. Orain, berriz, Udalak erabaki du errefusarako lur azpiko edukiontzi horietako bat (erabiltzen ez zena) kentzea eta, horren ordez, organikoa biltzeko edukiontzia jartzea; hartara, lur gaineko edukiontzi marroi handi gehienak erretiratuko ditu Udalak.
Lehengo sistema bera, erabiltzeko
Hondakin organikoen lur azpiko edukiontziak lehen bezalaxe erabiliko dira. Giltzarekin ireki behar dira eta lehengo giltza berak balio du. Giltza udaletxean eskatu behar da eta, organikoa birziklatzen hasi nahi duenak bertara joan besterik ez dauka. Giltzarekin batera, organikoa etxean biltzeko ontzi marroi bat emango diote.