Gaur arratsaldeko 20:00etan Orioko Herriko Plazan Udalbiltzaren aldeko konzentrazioaren deialdia luzatzen dugu. Udalbiltzaren aurkako erasoaren bostgarren urtemugan dela medio euskal gizarteari mezua helazari nahi dio.
Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari. Animo eta aurrera!
1999ko Irailean “UDALBILTZA, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa sortu zenean bost printzipio eta helburu bere gain hartu zuen, hala nola,
Ø Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea, bai Euskal Herrian bai nazioartean
Ø Beronen egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea
Ø Nazio eraikuntza bultzatzea
Ø Eta udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean besteak beste.
Helburu hauek zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik aho batez erabaki zituzten.
Helburu hauen gauzapenean, nazio eraikuntza praktikoan hainbat ekimen eraman ditu aurrera. Zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, zatiketak, konpromiso maila eta atxikimendu maila ezberdin egonik ere, oparoa izan da UDALBILTZAk egindako jarduna eta aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakusgai utzi du gure gizartean. Hor daude adibidez:
Ø euskara eta hezkuntza arloan Kontseilua, Ikastolen Konfederazioa edota Sortzen-Ikasbatuaz-ekin sinaturiko elkarlan hitzarmen estrategikoak;
Ø Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrerari emandako bultzada;
Ø Euskal Herriko Naziotasun Aitormena agiria;
Ø Xiberoa Garatzen egitasmoa herrialdeak bizi duen despopulazioari aurre egiteko;
Ø 2002ko abenduan ospaturiko Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzia, bost kontinenteetako ordezkariak bildu zituena;
Ø Euskal Herriaren Eskubideen Karta;
Ø ‘Euskal Herria demokraziaranzko eta bakeranzko bidean’ izeneko agiria;
Ø Nazio Eztabaidagunea sortzeko proposamena;
Ø Nazio Garapenerako Biltzarrarekin elkarlanean nazio planeko egitasmoak
Ø eta beste abar luze bat.
Azpimarratu beharra dago guztion artean onarturiko bost printzipioen itzalean garatzen direla.
Bide oparo hau zapuztuta geratu zen 2003ko Apirilaren 29an Madrileko Auzitegi Nazionalak polizia nazionalarekin batera burutu zuen erasoagatik. Egun hartan UDALBILTZAk Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu, materiala eta ordenagailuak hartu, egoitzak prezintatu, kontu korronteak blokeatu, Zuberoaren garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak lapurtu, UDALBILTZA eta Euskal garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituen, UDALBILTZAko arduradunez gain bertako langileak ere bai. Nazio eraikuntzan, udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea zen eta da beraien helburua. Horregatik UDALBILTZAren aurkako auzia bizkortu eta iada epaiketaren atarian gaude. Sumario honetan 22 pertsona daude inputatuta eta zigor eskaerak 10 urtetik 23 urtetara iristen dira. Sumario honetan jasotzen diren delituak goian aipaturiko ekimenak baino ez dira, besterik ez da azaltzen. Desitxuratu egiten da UDALBILTZAren izaera instituzionala, herri eta udal oinarria duela ezkutatu nahi dute. Euskal gizarteak aukeraturiko Udal-hautetsiez bakarrik osatua dagoela eta erabakiak zinegotzi zein alkateek bakarrik hartzen zituztela estali egin nahi dute.
Erasoaldi horren bosgarren urtemuga ospatzen den egun honetan zera adierazi nahi diogu euskal gizarteari:
1. Amets gaizto honetan harrapatuta dauden 22 hautetsi-ohi eta langileei gure elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu. Egun hauetan burutzen ari den mugimendu antierrepresiboaren aurkako epaiketan dauden pertsonei eta eskubide zibil eta politikoak zapuzten dituzten sumarioetan dauden inputatu guztiei gure elkartasuna eta berotasuna adierazten diegun moduan.
2. Elkartasun dinamikek eraginkorrak izan behar dute, ezin daitezke hitz hutsean edo argazki hutsean geratu. Konpromiso eta esfortzu zehatzak eskatzen dituzte, Auzitegi Nazionaletik datorren bidegabekeria salatzeko, bere izaera antidemokratikoa agerian uzteko eta UDALBILTZA instituzioa gure ondare gisa defendatzeko.
3. Epaiketa honetan 22 pertsona hauetako espetxe zigorraz gain, UDALBILTZA eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren disoluzioa eskatzen da. Hau da, euskal instituzionalizatze dinamikak, eraikuntza nazionaleko dinamikak, udalen arteko auzolan ekimenak kriminalizatzea bilatzen du. Eta kriminalizatze honek bere eraginak zabaldu ditzake gaur egun salbu sentitzen diren alderdi politiko zein eragile sozialengan ere.
4. Horregatik horren garrantzitsua da aldarrikatzea: UDALBILTZA herri honetako gehiengo politikoaren babesarekin sortu eta ezaugarritu da; UDALBILTZA beharrezkoa da gure etorkizunean aurrera pausuak emateko; UDALBILTZA udaletatik abiatzen den euskal instituzioa da; UDALBILTZA euskal gizartearen eta udalen ondarea da, beste inorena ez; UDALBILTZAk Euskal Herria aintzat hartzen duten pentsamolde politiko guztien orubea izan behar du; UDALBILTZA ez da alderdi politikoa batzuen tresna, herri eta udal sustraiak dituen nazio instituzio bakarra baizik; UDALBILTZAK desadostasunak bere barnean jaso behar ditu, instituzioari berari errespetua zor zaion bitartean; UDALBILTZA defendatzea ezinbestekoa da.
5. Arrazoi guzti horiek kontutan hartuta, orain dela bost urte abiatutako sumarioan dauden 22 pertsonei babesa emateko eta ilegalizazioaren arriskuaren aurrean UDALBILTZA defendatzeko bide eraginkor bakartzat UDALBILTZA berrindartzea jotzen dugu. Eta alderdi ezberdinetako abertzaleak eta udal-hautesiak deitzen ditugu konpromiso sendoa hartu dezaten berriro ere UDALBILTZA zutitu dezaten, “UDALBILTZA gure euskal instituzio nazionala da eta gure ondarea, gurea bakarrik” aldarrikatu dezaten, eta kontsekuente izanik, eginkizun honetarako behar diren konpromisoak aktibatu ditzaten.
Euskal Herrian, 2008ko Apirilaren 29an.
UDALBILTZA