Euskara izango bagara

Erabiltzailearen aurpegia Orioko AEK 2026ko apirilaren 19a

Bi lagun duela bi urteko korrikan, Orion. (AEK)

Martxoko Aia-Orio Guka aldizkariko Euskara ataleko artikulua da honakoa.

Badator Korrika. Badator, eta duela bi urte harrotu zen herriak euskara hauspotzen jardungo du martxoaren 19tik 29ra. 45 urte, 24 edizio eta bi helburu irmo: batetik, AEK finantzatzea; bestetik, euskara eta euskal kultura zabaltzea. Aurtengo Korrikak, inoiz baino gehiago, euskararen arnas eta zubi izan nahi du, gure hizkuntzaren baitako kohesio tresna. Eta, noski, nahi genuke "pizkundearen Korrika" izatea. Horretarako, ordea, alor sinbolikoa nahikoa ez, eta gutxiengo baldintza jakin batzuk bermatu behar dira. Horietan jarri nahi genuke azpimarra idatzi honen bitartez.

Alor ekonomikoari dagok​​​​​​​ionez, ohiko ziurgabetasun egoeran gaude. Jakinekoa da AEK-k azken 50 urteotan helduen alfabetatzean eta euskararen normalizazioan ekarpen eskerga egin duela. Eta, hala eta guztiz ere, abandonu sentsazioa dugu. Izan ere, gaur-gaurkoz, ez dugu datorren ikasturteko finantzaketaren berri. Hala, ziurgabetasuna da nagusi: ezin diogu ekin matrikulazio kanpainari, ezin ditugu finkatu matrikulen prezioak, eta, noski, ezin dugu jakin zer gertatuko den gure soldatekin. Orekari eutsi nahian ari gara hiru administrazioren artean, eta horrek sarritan eraman gaitu AEK-ko kideok lan eta esfortzu gehigarriak egitera. Doakotasunaren jomuga ere hor dago, eskuraezin diren aitortza eta berme falta horren kariaz.

Dena den, baldintza materialek ez lukete guztiz ziurtatuko AEK-k eta Korrikak aldarri duten gizarte euskaldun hori. Zalantzarik gabe, Euskal Herri osorako egitura egonkor eta iraunkor bakarra izatea, doakotasuna eta euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza politika eraginkorra bermatuko balira, normalizazioan urrats handiak emango lirateke. Baina neurri berean da egia herriaren borondaterik gabe ez legokeela euskararik. Hain zuzen ere, azken boladan euskara ikaslearen profila aldatzen ari da. Agidanez, gaur egun gehiago balioztatzen da euskara jakitea edo ezagutzea, erabiltzea baino. Horren ondorioz, euskaraz hitz egin lezaketenak (hots, ezagutzen dutenak) gehiago izaten jarraituko dute euskaraz hitz egiten dugunak baino, gailentzen ari den profilak erruz zabalduko bailuke arrakala hori. Gauzak horrela, gure aburuz, erabileran datza gakoa; euskara dakiten baina erabiltzen ez duten horien aktibazioan. Kontua ez da jendeak euskara ikasi behar duela bakarrik; aitzitik, dakienak erabili behar du, eta sarritan euskaldun zaharrok gara horretan huts egiten dugunak.

Ondorioz, baldintza materialak eskatzeko ez ezik, datorren Korrikak balio dezala kontzientziak astintzeko ere. Bermeak behar ditugu, bai; baina, aldi berean, ezinbestekoa da gure hizkuntza ezagutzen duen orok erabiltzeko urratsa ematea, noizbait euskara izango bagara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide