Uda, diskotekak, kanpina, hondartza txikia…

Erabiltzailearen aurpegia Manu Etxeberria Sedano 2026ko uztailaren 6a

Orioko kanpina, orain hamarkada batzuk.

Hamarkada batzuk atzera egin, eta uda garaiko Orioz zertzelada batzuk eman ditu Manu Etxeberriak artikulu honetan. 

Gaztetan, 1980ko hamarkadan gure kasuan, herrian baziren diskoteka batzuk. Bai, batzuk, pluralean. Txirla izena zuena bus geltokiaren ondoan zegoen; Ollagorra, Bodegon Sarasuako horretan; eta, uda garaian, hondartzan, orain errotonda handia dagoen inguru horretan zegoen Itsas Gain izena zuen txalet hartan muntatzen zuten Txu-txu diskoteka. Bageneukan aukera, izan ere, gorputza dantzan eta martxan jartzeko; bai, jauna!

Kanpina bi hamarkada lehenago sortu zen, 1961ean. Gogoan ditugu hango kanpin xumearen bazter zoragarriak. Turistentzat pagotxa zen aurkitzea hain naturala eta garbia zen txoko bat; eta itsasotik metro gutxira! Esnatu eta minutu batean (artean ez zegoen hesirik hondartza aldera pasatzeko) itsasoan bainua hartzeko moduko egoitza zuten Orioko kanpinean! Bazituen, gainera, dutxak eta komunen gune itxurazkoak, eta kanpin dendak jartzeko belardi ederrak. Atzerritarrak ziren, batik bat, karabanetan, roulotteetan etortzen zirenak. Bikamiotatik pasatzen ikusmiran herrialde askotako matrikulak ikasi genituen garai hartan: Frantzia (Fr), Alemania (D), Suitza (CH), Holanda (N), Austria (AU), Belgika (B), Britainia Handia (GB)… Lantegi dibertigarria, inondik ere!

Lehen mailako kanpina Oriokoa

Gerora, lehen udal gobernu demokratikoa sortu zenean, abertzalea, Jose Mari Lizaso alkatearen agindupean, kanpinak eraldaketa handia izan zuen. Herriarentzat diru sarrera garrantzitsua zela ikusita, gure agintariek argi eta garbi ikusi zuten oso probetxugarria izango zela kanpinaren baldintzak, instalazioak, hobetzea eta guneak handitzea. Izan ere, urte batetik bestera, kanpinak ia hirukoiztu egin zuen kapazitatea: 170 bat partzela izatetik 400 izatera pasa zen. Horrekin batera, bi igerileku, bata txikia eta bestea ertaina, egin zituzten; eta, modu berean, Karramarro izena zuen etxearen (hondartzako betiko kabinen ondoan zegoena) ondoan, mendi aldera, bi squash eta tenis zelai bat jarri zituzten. Gure kanpina, garai hartan, Gipuzkoako kanpin onena zen, eta Euskal Herriko hoberenetakoa. Udal agintariek ederki ikusi zuten: arrantza eta bapore kopurua beherantz joanda, kanpina indartu behar zela, diru sarrera aparta izango zelakoan. Eta baita izan ere; gaur egun, horri esker, hein handi batean, dauzkagu herrian ditugun zerbitzu onak eta bizimodu hobea.

Hondartza txikia eta aurreneko kanpistak

Egun kirol portua dagoen horretan, duela hogei urte arte itsasadarreko ura iragazita marea gora zihoala, arroka artetik pasata, sortzen zen urtegi txikiari hondartza txikia esaten genion. Hura izan zen oriotar ume askontzat igeri ikasteko leku segurua. Metro eta erdi baino gutxiagoko sakonera zuen, oro har, hondartza txikiak, eta, uretan alga dezente zegoen arren, gustura ibiltzen ginen txikitan han. 

Hantxe ondoan, urte asko lehenago, Tolosatik etortzen ziren herriak izan zituen aurreneko kanpistak, nolabait esateko. Alfredo Sedano, gure aitona, oso-oso arrantza zalea izanik, asteburu gehienetan etortzen zen eskoilerara zaletasun hura asetzera. Aitonarekin batera, amona Eugeni eta gure ama Mari Paz (gerora izeba Karmen ere bai) etortzen ziren. Hasieran, igandeetan etortzen ziren, eta gero, asteburu pasa etortzen zirenean, gaua pasatzeko, lo egiteko estilo militarreko kanpin denda bat ekartzen zuten. 1930eko hamarkada zen, eta laster iritsi zen gerra zibila. Baina hori beste istorio bat da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide