Aurreko astean Bizkaiko –Lekeitio, Santurtzi eta Bilbo, hain justu– lagun batzuk gonbidatu genituen gure herrira. Bazkalaurretik gozatu egin zuten herria bisitatu genuenean, Goiko Kalea, eliza barrua, kanpoko inguruak... Gure Txokoko terrazan ere gustura; ederki baitago ingurua oinezkoentzat jarri genuenetik. Bazkaldu Toki-alai elkartean egin genuen. Dena primerakoa iruditu zitzaien lagunei, zerbitzu guztiak, eta kanpoan 30 gradutik gora edukita, eskertu zuten aire egokitua ere. Solasaldi atseginean egon ginen. Leihotik, errioa eta Arraunetxe ikusgai geneuzkan, eta arratsalderako plana erabaki genuen, aho batez.
Arraunetxen bisitaldiak antolatuta zeudela jakinda, hura ezagutzera eraman genituen. Egun hauetan aurkeztu duten liburua ere eskaintzeko, hantxe zeuden Luis Azkue eta Joxe Mari Olasagasti. Elkarteko museoa erakutsi ziguten, eta lagunak txundituta geratu ziren erakustokian Olasagastik erakutsi zizkigun bandera eta garaikur pila ikusita. Haren azalpenak ere oso egokiak izan ziren Orioren palmaresa ezagutzeko eta arraunak herrian duen indar eta garrantziaz hobeto jabetzeko.
Europa mailan, punta-puntakoa
Lagunek urrutitik antzeman zuten Arraunetxe ez zela nolanahiko eraikina. Han bertan geundela, aho bete hortz geratu ziren, lehen solairuan dagoen gimnasio erraldoia ezagututa: espazioa, goi mailako makinak, hamalau ergometro erriora begira… harridura nagusitu zitzaien.
Esan daiteke Arraunetxek ez daukala parerik Estatu mailan. Eta Europa aldean ibili direnak diotenez, horrelako gutxi aurki daitezke kontinentean. Patxi Sarasuaren hitzetan: "Ezta munduan ere, ez zegok horrelako arraun klubik". Nonbait, hirietan (Sevillan esate baterako), izatekotan, beste kirol gehiago praktikatzen diren elkarteak bai egon daitezke Oriokoaren parekoak, baina arraunekoak soilik, zaila dirudi.
Gure alkate (gerora Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari ere bai) izan zen Jon Redondori zor diogu Orion horrelako instalazioak edukitzea, Gasteizera eta Madrilera joan-etorri ugari eginda gero lortu zuen aurrekontua dugun eraikuntza ikusgarria eta aparta egin ahal izateko.
Orio A.E.-ri dagokiona
Herrian horrelako egoitza edukita, Arraun Elkarteko zuzendaritza taldearen lana kontuan hartuz, ez da harrizekoa hainbeste haur eta gazte arraunean pozik aritzea eta arraun jardueran gogoz murgiltzea. Lehiaketa mailan ere, ezin gehiago eskatu: Zabala entrenatzaile jarri zenetik, gure traineruak lortu du falta zitzaion jauzi txiki (eta handi) hori egitea. Arostegirekin ere arraunean ederki egiten zuten; orain ditugun vatioak falta ordea. Zabalaren eskua eta lana, noski, txapela kentzekoa.
Gure elkarteko harrobi-lan ona agerian geratu da, argi eta garbi, zehazki Ligak gai honi garrantzia ematea erabaki duenetik. Estropadetan izandako garaipenetan estropalari guztiek parte hartu izana, lortu dugun arrakasta paregabea izan dela ezin uka. Orain arte, lan nekeza zen traineru bakarra zuten taldeak (aurrekontua osoa harentzat zuten), eta aulki mugikorrik gabe, eta emakumerik gabe, lan egiten zuten klubetako traineruen aurka lehiatzea eta gainditzea.
Ez dut ulertzen, esan beharra neukan, zergatik ez den saritzen Ligako estropadetan Gorka Aranberrik patroitzan egiten duen lan fina. Arraun munduaren misterioak. Eta zergatik ez zen ospatu herriarekin bandera, lege onean irabazitako garaikurra, Espainiako txapelketan lortu zen garaipena. Dena onartu behar da, ala?
Emakumeak (agian hobe "neskak" esatea, batzuk jubenilak baitira) denboraldi bikaina egiten ari dira. Iaz gertatu zen hondamendia gogoratuta, are miresgarriagoa Zabaletak eta Mujikak egindako lana. Halaxe esan nien lehengoan ontziralekura jaitsi zirenean. Bihotzez zoriondu nituen, izan ere! Aupa Orio!