Berrogeita hamar urte dira Franco diktadorea hil zela. Guk, artean, hamabi urte. Ezin esan penaz hartu genuenik Francoren heriotza, besteak beste, eskolan astebeteko oporrak eman zizkiguten-eta, dolua zela-eta.
Ordurako ikastola hasita zegoen txikiekin lanean Orion; baina guk, eskola nazionaletan, dena gaztelaniaz egiten genuen oraindik. Batxilerra ere hala egin behar izan genuen gero. Gure artean erdaraz egiten genuen kalean ere garai hartan, eskolan bezalaxe.
Orduan normala iruditzen zitzaigun gaztelaniaz ikastea, ez baikenuen besterik ezagutu. Gure inguruan, bestalde, ez zen ohikoa politikaz hitz egitea; ez etxean eta ez kalean.
Umeak ginen, eta, noski, ondo pasatzea zen gure ardura. Futbolak, Cine Leundako pelikulak eta Karmenen futbolinak osatzen zuten, oro har, gure mundua.
Eskolari dagokionez, ikastetxetik atera eta, etxetik merienda hartzera pasata gero, gauera arte kalean ibiltzea genuen ohitura.
Eskolan, berriz, irakasleak, bata Almeriakoa, bestea Valladolidekoa, bestea…. Plaza nork bere lurraldean lortu eta gurean egokitu.
Neskak, nesken geletan, eta mutilak, mutilenetan. Haiek orain kultur etxea dagoen gune horretan zeuden eskoletan, eta mutilak Kofradian eta herriko hainbat lokaletan sakabanatuta.
Don Juan. Lehen eta bigarren mailan, Don Juanekin matematika ederki asko ikasi genuen, pitagolak sari jartzen zituela. Frontoiko aldapako lokalean, Loidiren ondoan. Ikasgela txikia, eta berrogeita piku mutiko hantxe pilatuta; baina gustura asko gu.
Don Leonardo. Hirugarren eta laugarren mailan Don Leonardo izan genuen irakasle. Bibotedun, irribarretsu. Garai hartan normala zen, noski, eta Leonardo gizaseme jator hark edonolako abestiak erakusten zizkigun. Besteak beste, hala zioena: A mi me gusta el pin-piribin-pinpin… al que no le guste el vino es un animal… Eta guk hamar urte. Alajaina!
Don José. Bosgarren mailan, hamar urterekin, ikastetxe berrian hasi ginen; gaur egun Ikastola dagoen eraikinean. Irakasle serioa zen Don José; ahots sakonekoa. Eskuak, atzaparrak, horiak zituen, gelan ere etengabe erretzen baitzuen.
Señorita Vicenta. Seigarren mailako irakaslea. Vicenta la sargenta esaten genion, malaletxe ikaragarria zeukan-eta. Frantseseko lehenengo klaseak izan genituen señorita Vicentarekin. Txikitan hartzen omen da hobeto pronuntziazioa hizkuntza berrietan, eta ederki ikasi genion, izan ere.
Don José Luis. Hizkuntzak erakusten zituen irakaslea; zazpigarren mailan. Kaskarrekoak eman behar bazituen, ematen zituen, beldurrik gabe. Frantsesa Don José Luisek eman zigun ikasturte hartan. Aurreneko egunean, Gaztelako azentu ezin itxiagoarekin Garrson, uvrre la fenetrre hasi zitzaigunean, gu aulkian zur eta lur geratu ginen, elkarri begira, sinistu ezinik.
Don Luis. Valladolid jatorri zuen irakaslea. Matematika eta ematen zizkigun. Baita heziketa fisikoa ere; ostiraletan, arratsaldetan, San Juan aldera eramaten gintuen futbolean egitera. Bestalde, Cisnerosek pintura eskola sortu zuen; bestalde, haren plastikako saioetan egur-taila ere egiten genuen. Xakean jokatzen ere Don Luisekin ikasi genuen.
Señorita Eleuteria. Txikia zen, izan ere, baina handia ere bai, jenio biziko emakumea baitzen. Historia irakasten zigun eta tira, interesgarria zen. Baina, Eleuteria berak ematen zigun Educación cívica arloa, politika hutsa zen; penagarri.
Halakoxea zen gure eskola-denbora. Borrokak eta haserreak ere izaten genituen umeen artean, gaur egun bezalaxe. Guk, ordea, kalean izaten genituen haiek denak, sarerik ez baitzen orduan, palotetakoak izan ezik.