Hilabete asko ikusi gabe nengoen lagun batekin elkartu nintzen aurrekoan. Haurtzaroko milaka pasarte elkarbanatzen ditugun arren, helduaroa abisatu gabe iritsi zen egun batean, eta geroztik, lanbide berriak tarteko, gero eta gutxiago ikusten dugu elkar. Orain, elkarrengandik ehunka kilometrora bizi gara, baina gure arteko harremana ez da inoiz hoztu, ezta moztu ere. Modu batera ala bestera, beti gaude konektatuta.
Ironikoa iruditzen zait, herrialde ezberdin batean bizi den adiskide batekin geratu, eta gauza gutxi izatea elkarri kontatzeko. Gure kasuan, ordea, ez da interes faltagatik, elkar behartu dugulako gure arteko lotura inoiz ez galtzera baizik. Mezu bidez ez bada, astero saiatzen gara elkarri deitzen, lorpen handi baten berri emateko nahiz edozein txikikeriaz marmarrean aritzeko.
Promesa hura gehiegi pentsatu gabe egin genuen, baina urteak joan eta urteak etorri, gero eta gehiago konturatzen naiz elkarrizketak bizirik mantentzeak duen garrantziaz. Izan ere, teknologiak menperatzen gaituen garai honetan, gero eta ohikoagoa ari da bilakatzen honako egoera hau: bi pertsona aurrez aurre eserita, bakoitza bere telefonoari begira. Mahaia partekatzen dute, baina ez elkarrizketa. Espazioa partekatzen dute, baina arretarik ez. Aurrez aurreko elkarrizketa, benetako presentzia eskatzen duen hori, tokia galtzen ari dela dirudi.
Elkarrizketa ez da desagertu, noski. Izan ere, hitz egiten jarraitzen dugu. Baina zerbait aldatzen da hitzek begirada, keinu edota isiltasun partekaturik ez dutenean. Aurrez aurre hitz egiteak arriskua dakar, ezin dugulako esaten duguna zuzendu, ezta jada gure ahotik atera dena ezabatu ere. Eta, agian horregatik, irudia eta kontrola baloratzen dituen mundu batean, gero eta deserosoagoa da.
Pantailek segurtasuna eskaintzen digute: erantzuna pentsa dezakegu, baita tonua neurtu ere, eta nahi izanez gero, desagertu egin zaitezke, zer esan ez badakizu. Baina horrek guztiak prezio bat dauka, partekatzen dugunaren kalitatea ere aldatu egiten delako.
Aurrez aurreko elkarrizketek etenaldiak, bat-bateko gai aldaketak ala eztabaidak izaten dituzte. Espazio horietan denbora luzatu egiten da, eta entzutea ez da soilik entzutea, arreta osoa eskaintzea baizik. Aurrez aurreko elkarrizketa berreskuratzeak, ordea, ez du esfortzu handirik eskatzen. Batzuetan nahikoa izaten da mugikorra sakelan gordeta uztea, edo mezu baten ordez dei bat aukeratzea. Erabaki txikiak dira, ia ikusezinak, baina funtsezko zerbait berreraikitzen dute.
Hitz egitea ez baita informazioa trukatzea bakarrik, norbaitek benetan arreta jartzen digula sentitzea baizik. Nik, egia esan, gero eta gehiago eskertzen dut aspaldian ikusi ez dudan lagun batekin aurrez aurre eseri, eta nire barrua erabat irekitzea. Gero eta konektatuago dagoen mundu honetan, agian benetako erronka da berriro elkarri begietara begiratzea.