Amaitu al da?

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2025ko ira. 20a, 08:00

'Oroimenaren iraupena', 1931. (Salvador DalĂ­)

Honakoa da Julene Sorarrain kazetariak iraileko Aia-Orio Guka aldizkarian idatzitako Korapiloa ataleko iritzi artikulua.

Pare bat hilabete igaroko ziren dagoeneko artikulu hau idatzi nuenetik, eta herriko kaleetan lasaitasuna izango da nagusi orain. Hala ere, lerro hauek nire etxeko balkoian idazten ari naiz uztaileko arratsalde batean, kafetegietako terrazak eta hondartzako marmarra saihestu nahian.

Uda bakoitzean eszena bera errepikatzen da nire herrian: kaleak gainezka, turista gogaikarriak txoko guztietan eta gozatu ezin diren hondartzak. Turismoa, teorian aberastasun iturri eta kulturen arteko elkargune izan beharko lukeena, elkarbizitza eta iraunkortasun arazo bihurtu da leku askotan. Eta kostaldean bizi garenok badakigu turismo masiboak nolako eragina izan dezakeen gure egunerokoan. Nire kasuan, ordea, ez dira begirunerik gabeko turistak erlaxatzeko hilabete hauetaz gozatzea eragozten didatenak, uda bera baizik.

Ez ditut hilabeteak uda noiz iritsiko zain pasatzen. Gorroto dut beroa, gorroto ditut hondarra, olatuak, izerditzea, eguzkia hain berandu sartzea, eta batez ere, udak zenbat denbora irauten duen. Hazten zoazen heinean, denek diote uda gero eta azkarrago igarotzen dela. Ni ez nator bat horrekin.

Orain dena kanporatu dudanez, argi gera dadila beti nire esker ona erakutsi dudala iparraldeko klimagatik. Lau urtaroak bizitzeko eta batetik bestera nola igarotzen diren ikusteko aukera paregabea dugu hemen. Nire arazoa gehienbat udaren esanahiarekin lotutakoa da. Beti hasten ditut udak egiteko gauzen zerrenda amaigabe batekin, eta nire buruari hitz ematen diot aurtengoan ezberdina izango dela, eta oraingoan, berriz, nire hitza beteko dudala.

Hainbeste denbora libre izateak larritu egiten nau. Sekula ez dut neure burua errutinazko pertsonatzat hartu, nahiz eta ordenarekiko dudan obsesioak kontrakoa iradoki dezakeen. Deseroso eta itogarri samarra dela uste dut hainbeste denbora libre izatea nire eskuetan, eta, aldi berean, ez jakitea zehazki zer egin denbora horrekin.

Oro har, oporren irudi idiliko bat dugula uste dut, eta batzuentzat deskonexio une bat izan daitekeena, nire kasuan guztiz kontrakoa da.

Urte berria urtarrilean hasten bada ere, niri beti iruditu izan zait urtea benetan irailean hasten dela: eskolak, lanera itzultzea, geldialdi handi baten ondoren berriro eguneratzea, errutinara itzultzea, goizean goiz jaikitzea... Laster asko aurkituko dut neure burua bulegoko egutegiari begira, hurrengo oporretarako falta diren egunak berriro kontatzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide