Ongizatea musu-truk

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2024ko abe. 14a, 08:00

Pertsona bat lurra lantzen. (Pixabay)

Azaroko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa atalean argitaratutako iritzi artikulua da hau.

Goizeko 05:30ean esnatu nau iratzargailuak. Aurreko astean irakurri nuen onura asko dituela goizean goiz esnatzeak, hala nola zure ongizate psikologikoa hobetzen duela, estresa hobeto kudeatzea eragiten duela, baita produktibitatea handitzen duela ere. Lerro hauek idazten ari naizela, onartu behar dut aldizkariaren itxiera ordu batzuk barru dela; beraz, argi dago nire buruak onura horiek guztiak behar dituela oraintxe bertan.

Jarraian, ohetik altxatu eta sukaldera joan naiz. Nire ohe erosoa eta beroa alde batera uztera anima nazakeen gauza bakarra kafea da, bereziki goizekoa. Bildumako katilu handiena hartu eta goraino betetzen dut. Gaur, ordea, ongizate komunitatearen parte izateko ahaleginean, matcha egin dut. Jatorria Japonian duen edari hori prestatzeko, bost urratsez osatutako tutorial bat jarraitu behar duzu. Hain zuzen, goizeko 05:30ean egin nahi duzun azken gauza. Belarra bezain berdea den edari goxo hori –oraindik nire burua konbentzitu behar dut gustuko dudala– edan ostean, Decathlonen erosi nuen estera lurrean jarri eta Youtuben sartu naiz. "Eguna ondo hasteko gogoeta gidatua", idatzi dut bilatzailean. Amore eman dut bost minuturen ostean.

Elikadura adituek eguneko otordu garrantzitsuena gosaria dela diote. Nirea oso konpletoa izan dela esatera ausartzen naiz, izenda ditzakezun bitamina guztiak erosi bainituen aurrekoan dietetika dendan.

Aurrekoan irakurri nuen Amerikako Estatu Batuetan farmazeutikoen industriak 700 bilioi dolar inguru irabazten dituela urtero. Aldiz, "ongizate" industriak, 1,8 trilioi dolar irabazten ditu. Baina nire galdera honako hau da: zer da ongizatea? Googlen egindako ikerketa sakon baten ostean, ondorioztatu dut ongizatearen kategorian hainbat produktu sartzen direla: elikadura osagarriak, dietak, hamaika fruituz eta barazkiz egindako zukuak nahiz meditatzeko liburuak. Baina produktu horietan inbertitzen dugun dirutza etortzen al da bueltan?

Tamalez, nire ongizatez-beteriko-eguneko-plana bertan behera geratu da. Lanetik berandu atera eta ez naiz garaiz iritsi pilateseko klasera. Deskonexio beharraren aurrean, gurasoek paseo bat ematera gonbidatu naute. Nire aitaren baratzera joan gara udazkeneko uzta jasotzera. Ongizatearen gurua bilakatzeko gidan ez da agertzen jarduera hori, baina plan hoberik ezean, parte hartzea erabaki dut. Baratzearen ondoko mahai txikian eseri eta banaka-banaka zuritzen aritu gara bildutako babarrunak, bakoitzak gure eguna zer-nolakoa izan den kontatu bitartean. Eguzkia joan orduko, babarrun guztiak zurituta, etxera itzuli gara, jasotakoa beratzen jartzera. Aitortu behar dut egun neketsuko deskonexio une bakarra gurasoekin babarrunak zuritu bitartean sentitu dudala. Eta, gainera, musu-truk!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide