Jon Lukas Puertas duela sei urte etorri zen Oriora bizitzera. Euskaraz oinarrizkoa bazekien arren, lehengo urtean euskaltegian izena eman zuen hitz egiteko modua hobetzeko asmoarekin. Ikasturte honetan ere euskaltegiko ikaslea da eta irakasleak harrituta ditu egin duen aurrerapena ikusita. Aitortu digunez, udan euskara ikasten jarraitu du bere kabuz, eta lan horrek fruituak eman ditu zalantzarik gabe. Azken urteetan aktore lanetan dabil Lukas. Primeran euskal plataformarako telesail batean parte hartu zuen iaz. Datorren maiatzaren 19an, berriz, grabatu berri duen telesail berriaren estreinaldia izango da Donostiako Victoria Eugenian. Maiatzaren 22tik aurrera Primeran plataforman ikusi ahal izango da Desagertuta telesaila. Aurrerago Netflix plataforman ere bai. Produkzio hori bi aldiz grabatua izan da, euskaraz eta gaztelaniaz.
Noiz etorri zinen Oriora? Zerk ekarri zintuen hona?
Duela sei urte etorri nintzen Oriora. Irunen (Gipuzkoa) gradu bat ikastera etorri nintzen, Enpresa Zuzendaritza eta Administrazioa, hain zuzen ere. Orion familia daukadanez, hona bizitzera etortzea erabaki nuen.
Noiz hasi zinen euskara ikasten? Zergatik?
Txikia nintzenean amonak euskaraz hitz egiten zidan batzuetan. Hori dela eta, ez naiz hutsetik hasi euskara ikasten, ulermen maila ona izan baitut beti. Hala eta guztiz ere, duela urtebete hasi nintzen euskara modu akademikoan eta serioago ikasten. Izan ere, nire egunerokoan euskaraz komunikatu ahal izatea gustatuko litzaidake.
Uste duzu zure inguruak baloratzen duela euskara ikasteko egiten duzun ahalegina?
Bai, nire amona oso pozik eta harro dago, eta oso garrantzitsua da hori niretzat. Orain, pixkanaka-pixkanaka, nire lagunekin euskaraz komunikatzeko aukera izan nahi dut, hizkuntz ohiturak aldatzea zaila izan arren.
Azkenaldian aktore lanetan zabiltza. Euskarak ateak ireki dizkizula uste duzu?
Egia esan, bai. Euskarari esker bi telesailetan parte hartzeko aukera izan dut. Ate asko ireki dizkit.
Euskara ikasten hasi zinenetik zer ustekabe on eta zer txar izan dituzu?
Ustekabe ona izan zen gauza batzuk lehendik ere banekizkiela konturatzea. Hori nire amonari zor diot. Bestalde, lehenaldia oso zaila egiten zait oraindik.
Zer gomendatuko zenioke euskara ikasten hastera doan bati?
Gogoa jar diezaiola, hemen bizitzeko oso garrantzitsua da-eta euskaraz hitz egitea.